Lakuntza lehen sektorearen erakusleihoa

Guaixe 2018ko mai. 18a, 11:58
Jendea postu artean begira.

Bertako produktuen azoka antolatu du udalak igande goiz-eguerdirako. Ekoizleekin batera artisauen eta gizarte eragileen postuak izanen dira, 32 guztira. Lakuntzako aziendaren erakusketa ere izanen da plaza inguruan.

Hirugarren aldiz ospatuko da bertako produktuen azoka Lakuntzan. Udalak garai bateko feriak berreskuratzea erabaki zuen 2016an. Orduko eta gaurko helburua bera da: "lehen sektoreari eta tokiko produktuei bultzada eta ikusgarritasuna ematea". Guztia prestatzen Cederna-Garalurren laguntza izan du udalak.

Igande goizean Lakuntzako plazatik pasatzen denak bertako produktuen 17 salmahai topatuko ditu. Hestekiak, gaztak, barazkiak, barazki kontserbak, pastelak eta beste izanen dituzte salgai. Horiek plazan izanen dira. Haien aldamenean, Mikel Arregi kalean, 10 artisau izanen dira. Landutako zura, jostailuak, bitxiak, zeramika, ukenduak , eztia eta beste izanen da salgai  izanen dutena. Eta eskaintza bost gizarte eragileren postuekin osatuko da.

Goizetik zabalik dauden salmenta postuei beste erakargarri bat gehituko zaio eguerdian, Lakuntzako azienda erakusketa. Bisitariek behiak, ardiak, ahuntzak, pottokak, zaldiak, txakurrak eta beste ikusteko aukera izanen dute.

Azokarekin batera aurreko bi edizioetan Cava festa ospatu izan da Lakuntzan. Aurten ez da halakorik izanen, eta ez, preseski, cava gutxi edaten zelako. Udalean urtetik urtera azoka indartzea erabaki dute.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, igandean Mikel Arregi kalea, plaza inguruan, eta erdiguneko beste kale batzuk oinezkoendako izanen dira. Beraz, autobus geltokia mankomunitate parera aldatuko da.

Egitaraua
10:00-15:30
ertako produktuen azoka.
    Artisau produktuen azoka.
    Brun forjarien erakustaldia

    Irrati saioak zuzenean

    Trikitilariak.
11:30etik aurrera Kale-animazioa Irurtzungo Iskidi taldearekin.
12:00 Azienda erakusketa.

Bertako ekoizleak
Postua Salgaia
Utxama gazta Ardi gazta
Isidro Arregi harategia Txerri hestekiak
Postiñeneko gazta Ardi gazta
Mañeko Pastelak
Reyno de Navarra Barazki kontserbak
Oiaralda SL Barazkiak
Sojo Natura Belar ukenduak
Goiuri gozotegia Pastelak
Mendiola urdaiazpikoak Urdaiazpikoak
Gastaka-Barbara Pastelak
Erlantz Eztia
Garrarte Garrapiñatuak
Chocolates Navarra Txokolatea
Agirre harategia Txerri hestekiak
Goierriko talogileak Taloak
Vialdea Gurea Eztia
Uztarrotze gaztandegia Erronkariko gazta

 

Lakuntzako azokako artisauak
Artisaua Produktua
Pedro Mari Olea Armendariz Zurezko jostailuak
Xabier Iturrioz Garmendia Oinetakoak
Tomas Mauleon Zurezko osagarriak
Julio Molinuevo Boyarizo Zurezko jostailuak
Jose Luis Anso Zelaieta Ezpelezko goilarak
Maria Esparza Belarritakoak / Zeramika
Iosu Biraka Zurezko osagarriak
Noelia Ariztia Makramea
Elvira Barceló Bitxigintza
Otero pilotak Larruzko pilotak

 

Eragileen postak
Erakundea
Nafarroa Oinez
Txingurriye
Altsasukoak Aske
Gure Esku Dago
Euskaraldia



Aurretik tortilla lehiaketa
Lakuntzako Udalak tortilla txapelketa antolatu du biharko. Plazan jokatuko da gastronomia-lehiaketa, 18:00etan. Dozena bat parte-hartzailek eman dute izena, bakarka edo taldeka. Udalak lehiakide bakoitzari zortzina arrautza eta beharrezkoak dituzten patatak emanen dizkie. Udalak txapelketa egin ahal izateko mahaiak jarriko ditu, baina gainontzeko tresnak lehiakideen kontura izanen dira.

Txapelketaren arauetan jasoa dagoenez, lehiakideek euren tortillari nahi dituzten osagaiak botatzeko  aukera izanen dute, plater desberdina sortzeko. Epai-mahaiak aurkeztutako tortillen zaporea, sukaldarien sormena eta aurkezpena izanen ditu kontuan. Epaileek euren lana despeditzean tortillak ikusleen dastatzeko emanen dira.