Azokak erakarrita, jendea Lakuntzan

Guaixe 2018ko mai. 21a, 12:31

Lakuntzako atzoko azokak industrializazioarekin joan den mendeko 60ko hamarkadan desagertu zen hari hartu dio lekukoa. Aurtengoa hirugarren edizioa izan da.

Eguraldia lagun, Lakuntzako bertako produktuen azokak jendea erakarri zuen atzo goizean. Plazak bertako ekoizleen 17 salmahai hartu zituen eta Mikel Arregi kalean artisauen beste 10 postu izan ziren. Bisitariek ekoizleekin eta artisauekin hizketatu prozesuez eta salgai zituzten produktuez hitz egiteko aukera izan zuten. Baita erostekoak ere. Han bertan Brun forjarien mailu eta borra kolpeak entzun zitezkeen. Burdinari itxura emateko langintzan nahi izan zuten boluntario guztien laguntza izan zuten.

Salmenta postuen artean Irurtzungo Iskidi taldearen joaldunak ibili ziren lehenik, eta mitologia pertsonaiak ondoren. Plazako beheko partean Lakuntzako aziendaren erakusketa ikusgai izan zen eguerditik aurrera. Behi, behor, zaldi, potto, txerri, asto eta ahuntzekin batera bost ardi mota (latxa buru beltza eta gorria, sasi-ardia, Galiziako Xalda eta Ingalaterrako Solffolk) eta euskal oiloen beste bost eredu ikusteko aukera izan zen. Lakuntza zalgurdi baten gainetik ezagutzeko aukera izan zen. Azken hori Hiriberriko Lucia Villar Oteizak gidatzen zuen.

Euren ekimenen berri emateko, bestalde, Txingurriyek, Nafarroa Oinezek, Altsasukoak Askek, Gure Esku Dagok eta Euskaraldiak salmahai bana izan zuten. Aurreneko taldeak, jatorri desberdinetako lakuntzarrek egindako jatekoak, gozoak gehienak, salgai jarri zituen. Gainera, mikrofonoa batetik bestera aldatu eta euren ekimenen berri emateko aukera izan zuten bost erakundeok.