Odei Juango, lehen sakandarra Nafarroako Itzulian

Guaixe 2018ko mai. 28a, 12:59

Asier Ormazabalek ezin izan zuen lehen nafarraren maillota mantendu

Atzo despeditu zen afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia, Iruñean bukatutako etaparekin. Telcom taldeko Julen Amarikak irabazi zuen etapa, baina Colpack talde italiarreko Francesco Romanok irabazi zuen itzulia (12:56:30), Lizarteko Antonio Sotori 5 segundo eta Gomur taldeko Oscar Linaresi 11 segundo atera eta gero. Rural Kutxa talde sakandarreko Petr Rikunov bederatzigarrena sailkatu zen, 49 segundora.

Probako lehen sakandarra Telcom taldeko Odei Juango lakuntzarra izan da, sailkapen orokorrean 27.a. Lizarteko Asier Ormazabal ziordiarra 91.a sailkatu zen eta ezin izan zion lehen etapan lortutako lehen nafarraren maillotari eutsi. Hain zuzen ere, Ampo taldeko Asier Etxeberria izan da lehen nafarra, sailkapenean  26.a, hain justu Odei Juangoren aurretik. Eta Telcom taldeko Pablo Villar arakildarra 106.a sailkatu da sailkapen orokorrean.

Nafarroako Itzulia proba ikusgarria izan da. 21 taldek hartu dute parte, 5 etapa izan ditu, lasterketa oso ikusgarria izan da eta jendetza bildu da proba jarraitzera, txirrindularitzak gurean duen zaletasunaren isla.