Kopa, Lagun Artearendako

Guaixe 2018ko mai. 28a, 14:03

Jubenilen 2. mailako Kopa irabazi du Lakuntzako taldeak, Marcillari 3 eta 1 irabazita

Aurtengoa denboraldi gazi-gozoa izan da Lakuntzako Lagun Artearendako. Preferente mailan kategoriari  eustea zen aurtengo helburua baina momentuz ez da gauzatu. 2B mailan, 3. mailan eta maila autonomikoan gertatzen denaren arabera jakingo da Lagun Arteak preferenten jarraitzen duen ala ez. Aldiz, jubenilen mailan albisteak ezin hobeak dira: Jubenilen 2. mailako Kopa irabazi du Lagun Arteak.

Jubenilen 2. mailako Liga despedituta –seigarrena sailkatu ziren lakuntzarrak– ekin zion Lagun Arteak Kopari. Final laurdenetarako sailkatu zen Lakuntzako taldea, eta final laurdenetan Amaya A taldeari 2 eta 1 irabazi zion Lagun Arteak. Finalerdietan Cirbonero izan zuten aurkari lakuntzarrek eta Lagun Arteak irabazi zuen, atzera ere 2 eta 1eko markagailuarekin. Horrela, finalerdietan Agoitz taldea bidean uztetik zetorren Marcillaren kontra jokatu zuen Kopako finala Lagun Arteak.

Finala Tiebasen jokatu zuten Marcillak eta Lagun Arteak. Partida bikainean, azkenean Lagun Arteak 1 eta 3 irabazi zion Marcillari, Gorka Hernandezek (2) eta Iker Anduezak sartutako golei esker. Lakuntzarrek zaleen laguntzarekin ekarri zuten Jubenilen 2. mailako Kopa Lakuntzara, merezitako kopa, futbolzaleen animoak piztu dituenak. Jakina, jubenilek gustura ospatu zuten kopa lortu izana.