Lakuntza-Aralar: hitzordua, igandean

Guaixe 2018ko eka. 8a, 14:28

Igandean, 9:30ean abiatuko dira korrikalariak Lakuntzako plazatik, Aralarren barna mendi lasterketa egitera. Bi aukera daude: ibilbide luzea (25 km) eta ibilbide laburra (13,3 km). Proba luzea Euskal Herriko eta Nafarroako Mendi lasterketen txapelketetarako baliagarria da

Zabalarte klubak antolatuta, igandean jokatuko da Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Aurten lasterketaren 15. edizioa izanen da abian jarriko dena eta antolakuntzan Zabalartek Lakuntzako Udalaren, Lakuntzako Pertza elkartearen, Nafarroako Mendi Federazioaren, Euskal Herriko Mendi Federazioaren eta hainbat babesleren laguntza izan du. Eguraldi nahasia dago iragarrita baina primerako lasterketa izatea, hori espero du antolakuntzak. 


Aurreko urtean bezala, bi distantzien artean aukeratu ahalko dute korrikalariek: ibilbide luzea (25 km, 1.200 m desnibel positiboa) eta ibilbide laburra (13,3 km, 640 m desnibel positiboa). Ibilaldi luzea Euskal Herriko eta Nafarroako Mendi Koparako puntuagarria da.
Bi probak aldi berean abiatuko dira Lakuntzako plazatik, 9:30ean. Betiko ibilbidea da, baina aurten aldaketa txiki bat izanen da ibilbidean, basoan egin berri diren lanen ondorioz ibilbidearen zati bat erabat izorratuta dagoelako, 19 eta 20 kilometroen artean. Hori dela eta, ibilbidearen zati hori aldatu beharrean izan da antolakuntza.

Paisaia zoragarria
Ibilbide luzekoek Guardetxera (1.035m) joko dute, handik Belokiko lepora, Txorrotxetara eta Unagako putzura (1.185 m) igo ondoren, Irumugarrietara (1.431 m) helduko dira. Hortik jaitsierari ekingo zaio, Desaoko bordatik (1.229 m) eta Pagomaritik barna. 19 eta 20 kilometroen artean ibilbide aldaketa egingo dute, baina Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera joko dute, Lakuntzako helmugara. 

bilbide ederra bezain paregabea. Ibilbide motzekoak, aldiz, Guardetxera igoko dira, baina Mugerdirantz egin beharrean, Larluzgainara (1.103 m) joko dute, ondoren Etxaaltxetan (920 m) ibilbide luzearekin bat egin eta Lakuntzara jaitsiko dira. Etxaaltxeta pasa ondoren Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera, Lakuntzara. 

bilbidean barna 5 kontrol eta 4 hornidura gune egongo dira. Ibilbide motzeko lehen partaidearen helmugaratzea 10:30erako aurreikusten da eta ibilbide luzekoarena, aldiz, 11:30erako. Akaberan, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan.

Sari ederrak
Sari banaketa 13:00etan hasiko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta tekniko bat eta produktu lote bana jasoko dute. Proba nagusiko irabazleek, gizon eta emakumeek, 250 euro, txapela eta berrikuntza moduan, Zabalarteko logoaren itxura duen txokolatez egindako tarta jasoko dituzte Lakuntzako Txindokiko gozogile Sabinok prestatutakoa. Bigarrenek 100 euro eta trofeoa, eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek, lehen juniorrek eta lehen promesek trofeoak jasoko dituzte. Ibilbide motzean, txapeldunek 100 euro eta txapela eta bigarrenek eta hirugarrenek garaikurra eskuratuko dituzte. Baita lehen kadeteek eta lehen herritarrek ere. Aurten ibilbide aldaketa izango denez, errekorraren saria kentzea erabaki du Zabalartek (Hamid Ben Daoud, 1:52:17, eta Sandra Sevillano, 2:26:30).  


Izena emateko
Lakuntza-Aralar mendi lasterketan aurretik izena emateko azken eguna da gaurkoa. Gaur, ostiralean, gaueko 24:00ak arte eman daiteke izena www.herrikrosa.eus web gunean. Atzo goizean, bi probatan guztira 200 korrikalari inguru zeuden izena emanda. Ibilbide luzerako, federatuek 16 euro eta federatu gabekoek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta ibilbide motzerako, aldiz, federatuek 12 euro eta federatu gabekoek 15 euro. Egunean bertan norbait korrika egitera animatzen bada, antolakuntzarekin hitz egin dezake. Aurreko urtean 194 korrikalari aritu ziren guztira, 96 proba nagusian eta 98 laburrean. Proba nagusian Juanjo Igarzabal gailendu zen Beñat Katarainen aurretik eta emakumezkoetan Alizia Olazabalek irabazi zion Oihana Arratibeli. Proba laburrean, aldiz, Imanol Inza eta Elixabete Agirre izan ziren txapeldunak. Antolakuntzak guztira 200 korrikalari inguru espero ditu.

Txingurriye taldearen aldeko lasterketa solidarioa
Lakuntza-Aralar mendi lasterketaren bitartez Zabalarte elkarteak Lakuntzako Txingurriye taldea lagundu nahi du, lakuntzar guztiak, duten jatorria dutela, elkarrekin biltzea eta kultura ezberdinen arteko harremana eta elkartasuna sustatzen duen laguntza eta aisi taldea. Horrela, goizeko 10:00etan lasterketa solidarioa antolatu du Zabalartek, adin guztietarako. Lasterketan parte hartzeko dortsal solidarioak salgai daude herriko tabernetan, 2 euroren truke, eta lasterketa hasi baino lehen ere plazan erosi ahalko dira. Plazari buelta bat ematea, hori da lasterketaren erronka. Dortsalengatik jasotako guztia Txingurriye elkarteari emango zaio eta parte hartzeko deia egin du Zabalartek.