II. Lakuntzako Emakumeen Trofeoa jokoan

Guaixe 2018ko eka. 15a, 13:28

Bihar, larunbatean, 15:30ean, Lakuntzako plazatik abiatuko da emakumezkoen proba

Lakuntzak emakumezkoen txirrindularitza proba hartuko du bigarrenez, Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatuta. Aurreko urtean bezala, kadete eta juniorrez gain, elite mailakoak ere lanean ariko dira.

Lasterketa berezia izango da. 15:30ean kadete mailako txirrindulariak abiatuko dira, 37 km-ko ibilbide bat osatzeko. Bestalde, elite mailako txirrindulariak 16:45ean ekingo diote bere lasterketari, 65 km-ko proba osatzeko. Eta junior mailakoak aurrekoen lasterketara gehituko dira 12,5 kilometroan, 54 km-ko lasterketa egiteko. 

Probako ibilbideari erreparatuta, Aralar klubak Lakuntza oinarri hartuta bi zirkuitu prestatu ditu. Bata, Lakuntza eta Arruazu artean, 6,3 km-koa, eta, bestea, Lakuntza, Arbizu, Lizarrengo eta Etxarri artean, 11,3 km-koa. Zirkuitu horiek erabiliz osatuko da proba. “Helburua txirrindulariak Lakuntzatik sarritan pasatzea da, Lakuntzan bilduta dauden txirrindulari zaleak txirrindulariak behin eta berriz ikusteko eta herrian giro polita sortzeko” adierazi dute Aralar klubetik. Puntako proba hau ikustera hurbiltzeko deia egin du Aralar klubak.

Sakandarrak
Oraindik ez dago zehazterik zenbat txirrindularik hartuko dute parte Lakuntzako proban, baina tartean sakandarrak egotea nahiko genuke. Egun, kadete mailan Leire Maiza etxarriarra eta Maria Beraza dabiltza, biak Ermitagaña Nafarroa taldean. Junior mailan, Joana Irastorza etxarriarrak CAF Turnkey Engineering Women taldean jarraitzen du, Bakarne Gonzalezek DC Road taldean eta Maialen Aramendia junior iturmendiarrak Sopela Women´s team taldearekin debutatu du. Ez dakigu guztiek bihar Lakuntzan aritzeko asmoa duten, baina hala bada, zorterik onena opa diegu.