Arzuffi, Escalera eta Maioz onenak Lakuntzan

Guaixe 2018ko eka. 21a, 14:44
Argazkia: Jesus Barado Ocaña.

II. Lakuntzako Emakumeen Trofeoan parte hartu zuten txirrindulariek sekulako ikuskizuna eskaini zuten

Emakumezkoen lasterketak gizonezkoenak bezain lehiatuak, hunkigarriak eta ederrak direla argi geratu zen, beste behin, Lakuntzan. Izan ere larunbatean Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatutako II. Lakuntzako Emakumeen Trofeoan parte hartu zuten txirrindulariek puntako ikuskizuna eskaini zuten.

Lasterketa berezia izan zen. 15:30ean kadete mailako txirrindulariak abiatu ziren, 37 km-ko ibilbide bat osatzeko. Elite mailako txirrindulariek 16:45ean hartu zuten irteera, 65 km-ko proba osatzeko. Eta junior mailakoak aurrekoen lasterketara gehitu ziren 12,5 kilometroan, 54 km-ko lasterketa egiteko. Eta proba hauek guztiak Aralar klubak prestatutako bi zirkuitu konbinatzen egin ziren. Lehen zirkuitua Lakuntza eta Arruazu artekoa zen, 6,3 km-koa, eta, bestea, Lakuntza, Arbizu, Lizarrengo eta Etxarri artekoa, 11,3 km-koa. Zirkuitu horiek erabiliz osatu ziren probak eta Lakuntzan bildutako txirrindulazaleek gozatu ederra hartu zuten, txirrindulariak behin eta berriz pasa zirelako herritik, giro oso polita sortuz.

Escalera eta Arzuffi ihes eginda; Maioz esprintean
Kadeteen mailan Isabella Escalerak (Arabarrak) lasterketa bikaina egin zuen, erasoa jo eta bakarrik iritsi zen Lakuntzako plazako helmugara (1:05:28). 1:29ko aldea atera zion Bioracer taldeko Sandra Gutierrezi. Tropel nagusia 1:49ra sartu zen, Gipuzkoa-Ogiberriko Garazi Estevez buru zela. 17. postuan sailkatu zen Nafarroa Ermitagaña taldean dabilen Maria Beraza uhartearra. Guztira 39 txirrindulari sailkatu ziren eta taldeka Arabarrak izan zen talde onena. Isabella Escalera irabazlearendako izan zen ere tartekako helmugen saria.

Eliteen eta juniorren mailan 37 txirrindulari sailkatu ziren guztira. Eliteen mailan Bizkaia-Durango Euskadi Murias taldeko Alice Maria Arzuffi izan zen protagonista nagusia. Arzuffik ere lasterketaren irakurketa bikaina egin zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen Lakuntzako helmugara (1:41:28). 38 segundora sartu zen tropela, Sopela Women´s Team taldeko Maria Martins buru zela. Hirugarrena txapeldunaren taldekide Lucia Gonzalez izan zen. Junior mailari dagokionez, Gipuzkoa-Ogiberri taldeko Izarne Maioz izan zen txapelduna (1:42:06). Denbora berean sailkatu ziren Oriako Txirrindularitza Eskolako Naia Amondarain eta Nafarroa Ermitagaña taldeko Irati Puigdefabregas. Tartekako helmugen saria Aida Nuñorendako izan zen eta talde onena Bizkaia-Durango Euskadi Murias.