Iker Palaciosek ez zuen zortea alde izan Udanan

Guaixe 2018ko eka. 28a, 13:30

Autoak arazoak eman zizkion eta motorra apurtuta, lakuntzarra ezin izan zen klasifikatu

Larunbatean XIII. Udanako Igoera jokatu zen Oñatin, Euskadiko Mendi Txapelketarako baliagarria zen proba. Parte-hartzea handia izan zen, 73 pilotu aritu baitziren proban. Horietatik 54k lortu zuten klasifikatzea eta 19k, aldiz, proba utzi behar izan zuten, matxurak medio.

Sakana Motorsporteko Iker Palacios lakuntzarra izan zen Udanako Igoeran aritu zen pilotu sakandar bakarra, BRAC 05 Evo bere barketarekin. Puntako pilotuak zeuden: Joseba Iraola (Norma NAC M20), Aitor Zabaleta (Lola BMW), Arkaitz Ordoki (BRC B49), Eugenio Olaberri (BRC R15), Ruben Nogueiras (Silver Car), David Ardions (Mitsubishi Lancer Evo IX)… Bazirudien Iraola zela irabazteko faboritoa, baina Aitor Zabaleta beteranoak puntan dagoela erakutsi zuen berriro eta bera izan zen azkarrena eta Udanako Igoera irabazi zuena (2:11.667), Joseba Iraolari segundo bat aterata (2:12.266).

Larunbata ez zen Iker Palaciosen eguna izan. Arazoak izan zituen autoarekin eta ez zuen denbora onik egitea lortu; azkenean, motorra apurtuta, ez zuen proban sailkatzerik izan.