Asteburuan Buff Epic Trail mendi lasterketa famatua jokatu zen Lleidako Vall de Boí bailaran, Skyrunning National Championship eta Migu Run Skyrunner World Series munduko txapelketetarako baliagarria. Beraz, punta-puntako mendi korrikalariak bildu ziren bertan. Lau distantziatan jokatu zen txapelketa: 11 km eta 470 m desnibel positiboko proba, 26 km eta 2.060 m desnibel positibokoa, 42 km eta 3.300 m desnibel positibokoa eta 65 km eta 5.600 m desnibel positibokoa.
Jakin izan dugunez, Beñat Katarain maratoian lehiatu zen, 42 km eta 3.300 metroko desnibel positiboa zuen proban. Lasterketa Marc Pinsach Rubirolak (4:23:32) eta Holly Pagek (5:03:40) irabazi zuten, baina Katarainek lan ikusgarria egin zuen. Zegaman bizi den lakuntzarra seigarrena sartu zen helmugan (4:39:19), bosgarrena sailkatu zen Euskal Selekzioko Ander Iñarraren atzetik (4:37:00). Lakuntza-Aralar mendi lasterketa irabazi eta Etxarri Aranazko Trikutrailean bigarrena izan eta gero, Pirinioetan ikusgarri aritu da Katarain. Bestalde, Euskal Selekzioko Oihana Azkorbebeitia bigarren emakumea izan zen (5:27:55).