Igandean Gabiria-Legazpiko Aztiri mendi lasterketa jokatu zen (10,5 km) festetan murgildua zegoen Aztiri auzoan. Egun berezia izan zen Beñat Katarainendako, Zegaman bizi den lakuntzarrak Euskal selekzioarekin debutatu baitzuen aipatu mendi lasterketan. Denboraldi bikaina darama Beñatek, eta bere lanaren errekonozimendu bikaina da bera Euskal Selekziorako hautatu izana, primerako saria. Eta aipatzekoa da Euskal Selekzioarekin debut oso ona egin zuela Katarainek, Aztiriko mendi lasterketa irabazi baitzuen (48:49), Martin Diez segurarrari minutu pasa aterata (49:59). Lasterketa honetan ere Aritz Munarriz etxarriarra aritu zen. Lasterketetako sentsazio onak berreskuratzen dabil etxarriarra, eta zazpigarrena sartu zen helmugara (53:15).
Asteburuan Comapedrosara
Igandean Andorrako Comapedrosa Skyrace mendi lasterketa ezaguna jokatuko da Arinsalen, 21 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa duen proba ikusgarria, Comapedrosa gaina (2.942 m) tartean. Proba Skyrunner World Series edo Munduko Txapelketarako baliagarria da. Euskal Selekzioak 8 taldekiderekin parte hartuko du, eta tartean egongo da Beñat Katarain. Selekzioan izango dituen taldekideen artean daude Ander Iñarra, Oihana Azkorbebeitia eta Aitziber Ibarbia.
Beñat Katarainek aurreko urtean Comapedrosan parte hartu zuen eta 288 korrikalarien artean 27.a sailkatu zen (3:12:18). Ea aurten, Euskal Selekzioarekin, nola moldatzen den.