Aizkolari onenak Lakuntzan ariko dira igandean

Guaixe 2018ko ira. 13a, 15:26

Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Lakuntzako Behar-Zana frontoian, igandean, 12:00etan

Lakuntza egungo aizkolari onenen topagunea izango da igandean. Izan ere, Euskadiko Herri Kirol Federazioak Lakuntzako Udalaren laguntzarekin antolatuta, Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da etzi, 12:00etan hasita, Lakuntzako Behar-Zana frontoian.

Guztira 12 aizkolari lehiatuko dira, egungo onenak: Aitzol Atutxa Gurtubai (Bizkaia), Iker Vicente Saralegi (Nafarroa), Iñaki Azurmendi Peñagarikano (Gipuzkoa), Jon Rekondo Salaberria (Nafarroa), Joseba Otaegi Saizar (Gipuzkoa), Ruben Saralegi Martinikorena (Nafarroa), Jon Irazu Ugalde (Gipuzkoa), Eneko Otaño Aizpuru (Gipuzkoa), Mikel Larrañaga Elgarresta (Gipuzkoa), Julen Alberdi Zinkunegi (Gipuzkoa), Ugaitz Mugerza Mendizabal (Gipuzkoa) eta Xabier Zaldua Alberdi (Gipuzkoa).

Egin beharreko lanari dagokionez, bakoitzak 6 pago-enbor erdibitu beharko ditu: bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak).

Primerako ikuskizuna espero da, ikusmina handia da eta aizkora zaleen bilgune izango da Lakuntza. Floren Nazabalek erretiroa hartu zuenetik, tamalez, Euskal Herriko lehen mailan ez dugu aizkolari sakandarrik izan. Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Iñaki Auzmendi, horiek dira, katedraren ustetan, puntaren puntan dauden aizkolariak eta horien artean erabakiko omen da garaipena. Baina nork daki, igandean jakingo da. Nolanahi ere, kanporaketako lehen sei sailkatuek urriaren 28an 12:00etan Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalerako txartela lortuko dute.

ETBk kanporaketa grabatuko du, baina ez du zuzenean eskainiko, beste ordutegi batean baizik. Sarrerak 20 eurotan jarriko dira salgai.