Iker Vicente nagusi Lakuntzan

Guaixe 2018ko ira. 17a, 11:38

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketan Vicente, Larrañaga, Atutxa, Otaegi, Otaño eta Azurmendi sailkatu ziren final handirako

Lakuntza aizkora zaleen topaleku izan zen igandean. Euskal Herriko Aizkora Federazioak Lakuntzako Udalaren laguntzaz antolatuta, igandean Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen. Iker Vicenteren eta egungo txapeldun Aitzol Atutxaren arteko dema ikusteko ikusmin handia zegoen eta Behar-Zanako harmailak bete egin ziren.

Guztira 12 aizkolari ziren lehiatzekoak, baina Ugaitz Mugertza ez zen aritu, bizkarraldeko arazoren bat tarteko. Bi txandatan lehiatu ziren aizkolariak eta 6 pago-enbor erdibitzea –bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak)–, hori izan zen euren egitekoa. Guztien lanak kontuan hartuta, 21 urteko Iker Vicentek egin zuen denborarik onena (20:35). Mikel Larrañaga (20:47), Aitzol Atutxa (21:17), Joseba Otaegi (22:26), Eneko Otaño (22:31) eta Iñaki Azurmendi (23:00) sailkatu ziren atzetik eta sei aizkolari hauek izango dira urriaren 28an Iruñeko Labriten jokatuko den final handia jokatzea. Ageria denez, aizkolari gazteek hartu dute aurrea eta soilik Azurmendi da beteranoen artean goi mailari eutsi diona.

Jon Rekondo 7.a sailkatu zen (23:12), Ruben Saralegi 8.a (23:38), Julen Alberdi 9.a (23:40), Jon Irazu 10.a (28:33), Xabier Zaldua 11.a (29:28) eta, esan bezala, Ugaitz Mugerzak ez zuen parte hartzerik izan, lesionatuta baitago.

Aitzol Atutxa Euskal Herriko lehen mailako txapelduna izan da azken lau urteetan. Aurreko urteko txapelketan soilik 18 segundo atera zizkion Atutxak Vicenteri, eta aurten txapela nork jantziko duen, ikusmin handia dago. Urriaren 28ko Labriteko finalean lau kanaerdiko, lau 60 ontzako, eta lau oinbiko erdibitu beharko dituzte 6 finalistek, 12 enbor guztira, kanporaketako lanaren bikoitza.