"Esperientzia honek ziur talde bezala aberastuko gaituela"

Guaixe 2018ko urr. 8a, 12:08

Japonian eta Hego Korean bira egin du Anita Parker taldeak. Esperientziaz gozatzera eta musikaren bitartez jende berria ezagutzea nahi dute

Anita Parker taldea Asian zehar bira egiten ari da. Olatz Andueza lakuntzarra eta herri berean bizi den Zubiaga dira taldeko kideetako bi. Gose taldeko errautsetatik sortutako taldea irailaren 27an iritsi zen Asiako lehenengo gelditokira: Japonia. Bertan lau kontzertu eskaini zituen. Gaur Seulen, Hego Korean, bi kontzertu eginen ditu.

Gose taldearekin Shogo Komiyamaren eskutik Japonian egon ziren. "Komiyama euskal musikaren enbaxadore moduko bat da Japonian", azaldu du Anita Parker taldeak. Hortaz, "zubi bat" eraiki du eta Japoniako taldeak Euskal Herrira ekartzen ditu eta euskaldunak Japoniara eramaten ditu. "Gure lana entzun zuenean berehala gonbidatu gintuen. Guk ezin genuen ezezkorik eman, noski".

Anita Parker taldea "musika elektroniko dantzagarria" egiten du eta taldekideek dena emanen zutela zin egin zuten bidaia hasi aurretik: "ez dugu inor epel utzi nahi". "Jarrera eta gogoa" eszenatokian erakustea hizuntza unibertsala dela esan dute; hortaz, "horren bidez elkar ulertzea da gure helburua". Asiako birako esperientziaren harira, "nork daki, agian hurrengo abesti berria japonieraz eginen dugu".

Esperientziaz gozatzea eta musikaren bitartez jende berria ezagutzea ziren Japoniako bidaiaren helburuak: "esperientzia honek ziur talde bezala aberastuko gaituela". Japonian lau kontzertu eman dituzte: bi Tokyon, beste bat Yokohaman eta azkena Kiryun. Ondoren, Hego Koreara bidaitu dute eta hiru kontzertu eman dituzte, horietako bi ostiralean izan ziren, Zandari Festa jaialdian. "Mundu osotik etorritako hainbat talderekin eszenatokia konpartituko dugu".

Turismo gutxi egitea aurreikusi zuten Anita Parker taldeko kideek. Denbora librean, gainera, taldearekin "zer ikusia duen zerbait egiteko" aprobetxatuko dutela esan zuten. "Egunero ez zara Japoniara edo Hego Koreara joaten". Urrun egon arren etxean bezala sentitu direla esan dute.