Gure txapelduna Italiara

Guaixe 2018ko urr. 11a, 15:52
Beñat Katarain Etxarriko Mendira Joan Etorrian.

Beñat Katarainek Euskal Herriko Mendi Federazioko Rankingeko txapelketa irabazi du eta Nafarroako Lerroko Mendi Lasterketen Txapelketako buru da. Larunbatean Italiako Limone Extreme Skyrace mendi lasterketan ariko da, munduko onenen artean, Euskal Herriko Mendi Selekzioarekin

Igandean Etxarri Aranazko 43. Mendira Joan Etorria irabazi zuen Beñat Katarain Razkinek. Aparteko denboraldia egin du Zegaman bizi den lakuntzarrak. Besteak beste, aurten Camille Extreme, Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa, Garingo mendi lasterketa, Orioko mendi lasterketa, Aztiri Mendi Lasterketa eta Etxarri Aranazko Joan Etorria irabazi ditu, eta bigarren eta hirugarren sariak jasotzera sarritan igo da podiumera. Egindako lanak badu saria: Beñatek Euskal Herriko Mendi Federazioko Rankinga irabazi du eta Nafarroako Lerroko Mendi Lasterketen Txapelketan lehena da. Eta, are garrantzitsuagoa: Euskal Herriko Mendi Lasterketen selekzioko kide izateko hautatu dute.

Larunbatean Italiako Lungolago Marconi di Limonen jokatuko den Limone Extreme Skyrace mendi lasterketa prestigiotsuan arituko da Beñat Katarain, Euskal Herriko mendi selekzioko bere taldekide Ander Iñarra, Xabi Macias, Iban Letamendi, Asier Larruzea, Asier Alonso, Julen Martinez, Oihana Azkorbebeitia eta Mayi Mugika korrikalariekin batera. 29 km eta 2.540 metroko desnibela duen proba ikusgarria da Limone Extreme Skyrace, ISFko Skyrunning Mundu Kopako baliagarria zen azken proba. Horregatik, mundu mailako korrikalaririk onenak lehiatuko dira: Kilian Jornet, Remi Bonet, Marco Degasperi, Pascal Eglie, Sheila Avilés, Oihana Azkorbebeitia…

Aurreko urtean Limone Extreme Skyracen aritu zen Beñat. 474 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea eta Marco Degasperi izan zen txapeldun handia (3:07:32). Katarain 30.a sailkatu zen (3:38:28). “Aurreko urtekoa errepikatzea ez da txarra, maila handiko proba baita; mendi korrikalarien crème de la crème aritzen da bertan” adierazi digu Katarainek.

Italiatik bueltan, urriaren 20an jokatuko den Leire Trailean (21 km, 1.400 metroko desnibel +) ariko da Katarain, eta horrekin bukaera emango dio aurtengo mendi denboraldiari. Ondoren, crossen denboraldiari ekingo dio.