Katarain 39.a Limone Extreme Skyracen

Guaixe 2018ko urr. 18a, 12:28

Syrunner World Series Txapelketarako baliagarria den azken proban iazko denbora hobetu zuen lakuntzarrak

Larunbatean Limone Extreme Skyrace mendi lasterketa prestigiotsuan jokatu zen Italiako Lungolago Marconi di Limonen. Munduko Skyrunner World Series Txapelketarako puntuagarria zen azken proba zen Italiakoa, eta mendi korrikalari onenak lehiatu ziren bertan. Aipatzekoa da Beñat Katarain lakuntzarra Euskal Selekzioko bere taldekideekin aritu zela: Ander Iñarra, Xabi Macias, Iban Letamendi, Asier Larruzea, Asier Alonso, Julen Martinez, Oihana Azkorbebeitia eta Mayi Mugika.

29 km eta 2.500 metroko desnibel positiboko proba gogor bezain ikusgarria bukatzea 534 korrikalarik lortu zuten, eta beroa izan zen etsai nagusiena. Aipatzekoa da korrikalari gazteek sorpresa eman zutela. Davide Magnini (2:59:24) ikusgarri aritu zen eta lau minutu luze atera zizkion Rémi Bonneti (3:04:14). Oriol Cardona izan zen hirugarrena (3:06:07). Cerdanyako Kilian Jornet korrikalari ezaguna seigarrena sailkatu zen (3:10:45), baina Munduko Skyrunner World Series 2018 txapelduna izatea lortu zuen. Gogoratu, aurretik Eskozian Skyrace Munduko txapelketa irabazi zuela ere Jornetek. Urrezko urtea berarendako. Emakumezkoetan Tove Alexanderssonek irabazi zuen (3:31:36), Ragna Debats (3:40:07) eta Sheila Avilesen (3:46:28).

Beñat Katarain 39.a sartu zen (3:37:41), lan bikaina eginda. Izan ere, aurreko urtean egindako denbora (3:38:28) 43 segundotan hobetu zuen lakuntzarrak. Bere taldekide Ander Iñarra 17. postuan sartu zen (3:21:37) eta 9. amaitu du Munduko Kopa, 2018ko Migu Run Skyrunner World Classic Series.

Italiatik bueltan, larunbatean, urriaren 20an jokatuko den Leire Trailean (21 km, 1.400 metroko desnibel +) ariko da Katarain, eta horrekin bukaera emango dio aurtengo mendi denboraldiari. Ondoren, crossen denboraldiari ekingo dio.