Floresek ez zuen Italian zortea alde izan

Guaixe 2018ko urr. 17a, 14:41
Argazkia: Daniel Lopez Jurado.

Gubbioko FIA Hill Climb Mastersen aritzeko hautatu zuten pilotu lakuntzarra. Hasieran txukun ibili zen, baina bigarren igoeran errepidetik atera zen eta autoak matxura handiak ditu

Garikoitz Flores pilotu lakuntzarrak Espainiako Mendi Igoeren 2. Kategoria irabazi du aurten. Egindako lanari aitortza eginez, Espainiako Automobilismo Federazioak urriaren 4a eta 10aren artean jokatutako Italiako Gubbioko FIA Hill Climb Masters lasterketa ezagunean aritzeko hautatu zuen Garikoitz Flores, Joseba Iraola –Espainiako Mendi Igoeren 1. kategoriako txapelduna–, Javier Villa eta Kike Perellorekin batera. Aipatu Mastersa oso prestigiotsua da eta bertan punta-puntako pilotuak lehiatu ziren, 170 inguru, eta esperientzia bikaina izan zen pilotuendako.

Guztira hiru igoera egin behar izan zioten Gubbiori. Lehendabiziko igoeran txukun aritu zen lakuntzarra (BRC BR49-Kawasaki): sailkapen absolutuan 45.a sailkatu zen (1:36.33), bere mailan, Open SC mailan, hirugarrena. Baina bigarren igoeran bidetik atera zen lakuntzarra. “Ongi nioan, baina gehiegi estutu nuen eta errepidetik atera nintzen. Ez dut aparteko kolperik, baina autoak matxura handiak ditu” azaldu digu Garikoitz Floresek, gertatutakoarekin penatuta.

Gubbioko FIA Hill Climb Mastersa Christian Merli italiarrak (Osella FA30-Zytek) irabazi zuen (1:17.85). Aipatzekoa da Joseba Iraola bizkaitarra (Norma M20FC-Hartley) 14.a sailkatu zela (1:24.23), bere mailan, E2-SC mailan, bosgarrena.

Espainiako Mendi Igoeren 2. kategoria irabazi duenez, araudiari segituz hurrengo denboraldian 1. mailan aritu beharko litzateke Garikoitz Flores. Pilotu lakuntzarrak ez du oraindik erabaki zer egingo duen, Espainiako Txapelketako lehen mailan aritzera animatuko den hala autoa konpondu eta gertuko probetan arituko den, Espainiakoa alde batera utzita. Izan ere, Espainiako Txapelketako 1. mailan aritzeak aurrekontu handia eskatzen du, autoa guztiz matxuratua duela kontuan hartuta, are gehiago. Aukera ezberdinak aztertuko ditu eta neguan hartuko du erabakia.

Eneriz Besga Kantabrian
Urriaren 13an IV. Granjako Igoera jokatu zen Castro Urdialesen. Asier Bidaburu (Reynard Rf10b) izan zen azkarrena (2:10.33) sailkatu ziren 44 pilotuen artean. Eneriz Besga olaztiarrak (Citroen Saxo) bertan debutatu zuen eta 26.a sailkatu zen (2:51.21)