Lagun Arteak preferentera itzuli nahi du

Guaixe 2018ko urr. 25a, 15:56

Aurreko denboraldian maila galdu ondoren, erregional mailan dabil Lakuntzako taldea. Ongi ekin dio denboraldiari, erregionaleko lehen multzoko liderra baita, eta preferentera igotzea da helburua

Aurreko denboraldia gogorra izan zen Lakuntzako Lagun Artea klubarendako. Oso gutxigatik ezin izan zion mailari eutsi eta preferente mailatik erregional mailara jaitsi zen talde txuria. Ondorioz, aurten erregional mailan jokatzen ari dira lakuntzarrak, baina momentuz lan bikaina egiten ari dira. Erregionaleko 7 jardunaldi jokatuta, erregionaleko lehen multzoko lider da Lagun Artea, 19 punturekin, Lagunak B taldearekin puntutara berdinduta. Altsasu da erregional mailako beste talde sakandarra eta altsasuarrak hirugarrenak dira. 16 punturekin.

Preferentera igotzea, hori da Lakuntzako taldearen asmo nagusia. “Igoera faserako sailkatu nahiko genuke. Fase horretara erregionaleko lau multzoko lau talde onenak pasatzen dira eta igoera fasean bi multzotan banatzen dira faseak, bakoitzean ligaxka jokatzeko. Multzo bakoitzeko lehen hirurak igoko dira preferentera” aipatu digu Lagun Arteako juntako Jesus Mari Goikoetxeak. Igoera ligaxka konplikatuagoa izaten dela gaineratu du Goikoetxeak, multzo bakoitzeko onenak igotzen direlako. “Liga gogorragoa da hori. Baina gu, lehenik eta behin igoera faserako sailkatzen saiatu beharra dugu. Taldea badugu” nabarmendu du.

Erregional mailako Lagun Arteak 24 jokalariko plantilla dauka Jesus Alberto Martin Dávila entrenatzailearen esanetara. Salvador Pascual Arriazuren laguntza du entrenatzaileak. 24 jokalari horietatik 11 jokalari berriak dira, eta gainontzekoak aurreko urtekoak. Batzuk, kanpoan egon ondoren, taldera bueltatu dira –Etor Alegria, Xabi Bakaikoa…– eta beste batzuk jubenil mailatik etorri dira. “Talde gaztea da. Giro bikaina dago euren artean, gustura dabiltza entrenamenduetan, partidetan… Ilusioa dute eta ea orain arte izan dugun hasiera onak segida daukan” gaineratu du Goikoetxeak.

Altsasu taldeko koordinatzaile Alfonso Castellanosek aurreko astean aipatu zuen sailkapeneko lehen lau taldeak, Lagun Artea, Lagunak, Altsasu eta Ardoi direla lehen multzoko talderik sendoenak eta uste berea dute Lagun Artean. “Erregionalean alde handia dago taldeen artean, mailari dagokionez. Baina igoera fasera igotzen direnak antzeko maila dute, talde finenak dira, hor datoz zailtasunak” aipatu du Goikoetxeak.

Harrobia
Erregional mailako taldea hornitzeko harrobi polita du Lagun Arteak: jubenilen 2. mailan aritzen den jubenilen taldea, kadeteen 2. mailan dabilen kadete taldea, haurren lehen mailan dabilen infantilen taldea, eta kadete mailako bi talde. “Lagun Artearen helburua, kluba garen aldetik, herriko eta inguruko jokalariak trebatzea da, oinarri sendoa duen taldea izateko. Horretarako harrobia lantzea da gure erronka, zalantzarik gabe harrobia etorkizuna delako. Lakuntza bere taldearekin guztiz inplikatua, taldearekin bat zegoen garai haietara itzuli nahi dugu. Herri bat, talde bat” adierazi dute klubetik.

Belaunaldi aldaketa juntan
Lagun Artea klubeko juntan aldaketa nabarmenak egon dira azken urte honetan, jende berria sartu baita juntara. Jende berria sartzea zen betiko juntaren eskakizuna, urte asko daramatzan jendeak gutxika ardurak uzten hasteko eta hasi berriek ardurak hartzeko, eta aurten aldaketa gauzatzen ari da. Horrela, Jabier Hernandez Santana da presidente berria, Jesus Zubiria presidenteorde berria, Josu Arraiza diruzain berria eta Oskar Maizak bokala izatetik idazkaritzaren kargua hartu du. Bokalak ondokoak dira: Jabier Gasko, Jabier Andueza, Juan Ignacio Mendieta, Diegu Cruz, Asier Arregi, Juan Ignazio Maiza, Juantxo Arraiza eta Jose Agirre. “Pentsa, 1976 urtetik eta lehenagotik gaude juntan batzuk; bazen garaia beste batzuek lekukoa hartzeko eta funtzio aldaketa ongi emateko, aurreko juntakoak berriekin egongo gara aurten” azaldu digu kargua utziko duen Goikoetxeak.


Erregional mailako Lagun Artea 2018 / 2019
-Atezainak: Garikoitz Maiza (Dorrao) eta Julen Iriarte Zabaleta (Hiriberri)

-Defentsak: Xabier Bakaikoa Salceda (Lakuntza, Ekaitz Gartziandia Ormaetxea (Lakuntza), Urko Eizagirre Etxarri (Irurtzun), Kepa Olias San Sebastian (Irurtzun), Aitor Egurza Irisarri (Lakuntza), Ion Ollo (Hiriberri) eta Markel Erdozia Razkin (Lakuntza)

-Erdilariak: Jurgi Kintana Igoa (Etxarri), Xabier Burillo Mateo (Lakuntza), Mikel Hermoso de Mendoza Sainz (Uharte), Iñaki Berastegi Goikoetxea (Urdiain), Etor Alegria Reparaz (Lakuntza), Aritz Iturbide Alzuaz (Iruñea), Iker Zabalo Barroso (Irurtzun), Momoune Jaamout (Lakuntza), Gaizka Sagarzazu Ibargoien (Lakuntza) eta Iñaki Mendieta Artazkoz (Lakuntza)

-Aurrelariak: Xabier Maiza Betelu (Lakuntza), Javier Leon Sanchez (Iruñea), Ander Unanua Huarte (Hiriberri), Unai Zubiria Garziandia (Lakuntza) eta Yonathan Davila Montero (Altsasu)

-Entrenatzailea: Jesus Alberto Martín Dávila (Irurtzun). Bigarren entrenatzailea, Salvador Pascual Arriazu (Iruñea)