Bizitzak mila kolore dituelako

Guaixe 2018ko urr. 26a, 11:24

Milakolore eguna ospatuko dute bihar Lakuntzan. Bi dira helburu nagusiak: behar bereziak dituzten pertsonak gizarteratzea eta integrazioa bultzatzea, eta Milakolore elkartearendako dirua biltzea. Egun osoko egitaraua prestatu dute

"Milakolore poza da". Virginia Ruiz de Eguino Milakolore elkarteko presidentea da. Elkartea 2009. urtean sortu zuten Sakanan behar bereziak zituzten pertsonak "elkartzeko". Gaur egun, elkartea baino lagun talde bat da Milakolore, lagun kuadrilla bat. Bihar haien eguna ospatuko dute Lakuntzan herriko "hainbat pertsonarekin" batera antolatu duten Milakolore festan: "opari bat izan da guretako". Behar bereziak dituzten pertsonekin batera "ongi pasatzeko eta disfrutatzeko" eguna izanen dela aurreratu du Ruiz de Eguinok. Gainera, egunean zehar biltzen duten diruarekin egokitutako ibilgailu baten finantzaketa eginen du elkarteak.

Behar bereziak dituzten pertsonendako Sakanan gauza gutxi zeudela konturatu zen guraso talde bat. "Gehien bat aisialdian ez zegoen ezer. Beste arlo guztiak oso ongi zeuden: osasuna, hezkuntza eta abar". Baina behar bereziak zituzten seme-alabendako aisialdirako tarterik ez zutela konturatu ziren. Hortaz, elkartzea eta elkarrekin ateratzen hastea erabaki zuten. Sakanako Mankomunitatearen laguntza izan zuten elkartea sortzeko.

Hasieran Sakanako ezgaituen elkartea izena jarri zioten, "izen oso negatiboa zen", izan ere, elkarteko kideak "desberdinak" zirela aditzera ematen zuen. "Milakolore, aldiz, oso polita da eta oso ongi adierazten du garena. Desberdintasunean berdinak garela". "Poza" ematen duela dio Ruiz de Eguinok: "nire alaba lagunekin dagoenean pozik dago, eta hori ikustean nik poza sentitzen dut".

Elkartearen helburu nagusia "gure seme-alabak elkartzea da". Ruiz de Eguinok azaldu duenez, "iristen da momentu bat gure seme-alabak beti gurekin egon behar direla, eta gurekin aspertzen dira. Gazteek egiten dutena egin nahi dute". Egoera horri irtenbidea emateko sortu zen elkartea.

Lagunak
Hasiera gogorra izan zela dio Ruiz de Eginok, baina "Sakanan pertsona on asko" dagoela gaineratu du: "eskatzeko esan zidaten, ahal nuena egiteko, eta erantzuna izan nuen". Hortaz, Sakanako udaletxeetan eta Mankomunitatean laguntza handia izan dute. "Gure seme-alabak ezagutu dituztenean gauza asko bideratu dituzte". Atzera begiratzen dutenean eta elkartean lortu duten guztia ikusten dutenean "urrats handiak" eman dituztela sentitzen dute.

Elkartea bere alabarengatik bultzatu zuela esan du, baina behin "bere lagunak" ezagutu zituenean guztiengatik egiten duela dio. "Alaba pozik dago, eta nire alabak bezalako garrantzia dute bere lagunek". Prozesua "zaila" izan dela aitortu du Ruiz de Eguinok. "Lehenengo ama bezala onartu behar duzu zure alabak behar bereziak dituela. Barruko prozesu bat da. Eta gero kanporatu behar duzu hori". Gauza onak ere badituela esan du Milakolore elkarteko presidenteak. "Behin kanporatzen duzuenean eta beste batzuk ikusten dutenean oso ongi eta gustura daudela, animatzen dira ere".

Gainera, Ruiz de Eguinok esan duenez, behar bereziak dituzten pertsonak gizarteratze prozesuan urrats oso garrantzitsua izan da pertsonaia ospetsuek haien seme-alabek behar bereziak dituztela plazaratzea: "Campeones filma ikusi nuen, eta pentsatu nuen oso polita zela horrelako pelikula bat egotea. Gainera, Aberasturi kazetariak bezala beste hainbat pertsonaia ospetsuk haien seme-alabei buruz hitz egiten dute". Elkartearen xedea gazteak "elkarrekin egoteko eta ateratzeko" biltzea da. "Edozer gauza egitea gustatzen zaie". Hortaz, igerilekura joaten dira, mendira, dantza egiten dute, musikoterapiara joaten dira, psiko terapiara, zaldian ibiltzera joaten dira eta abar. Urtean zehar hainbat irteera egiten dituzte eta asteburu pasa Goldatz herrira joaten dira.

"Garrantzitsuena elkarrekin egotea da. Lagunekin kalera ateratzea. Batzuetan ez dute ezer egin behar, besterik gabe kalera ateratzea. Guztiok bezala lagunekin ateratzen zarela eta kaleko eserleku batean esertzen zarela arratsalde pasa. Haiek ere". Hortaz, lagunak dira, kuadrilla bat. "Behar bereziak dituzten gazteak eta pertsonak kalean eta aisialdian ikustea oso pausu handia da".

Elkarteko kideak ere Sakanako festetara joaten dira. "Inauterietan ateratzen gara, herrietako festetara joaten gara... Asko gustatzen zaie". Elkarteko kideak "harrera ona" izaten dute herrietan. "Jendea oso jatorra da, oso gustura egoten da haiekin". 2016ko Altsasuko Alde Zaharretako festetan herriko gaztetxeak Milakolore elkartea omendu zuen.

Boluntarioak
Elkartea gurasoek sortu dute eta haien inplikazioa "osoa" da. "Elkartea guk osatzen dugu, gurasook, ez dugu kontratuko pertsonarik". Amaia Urriza da Milakolore elkartearen koordinatzailea. Hortaz, elkartearen zutabe nagusietako bat boluntarioak dira. Une honetan hogei bat boluntario daude, eta gehiago behar dira. "Boluntarioena gauza zailetakoa izan ohi da. Oso boluntario onak izan ditugu, ditugu eta izanen ditugu. Baina gehiago behar ditugu". Izan ere, elkarteko kideek aisia ezagutzen dutenean "gehiago" nahi dute". Boluntarioak elkarteak antolatzen dituen ekimenetara joaten dira eta gazteekin egoten dira.    

"Batzuetan jendeak beldurra dio beraiekin egotera eta beraiekin aisia egitera, baina behin haiekin egoten zarenean pentsaera aldatzen zaizu". Etorkizunerako futbol partiduak antolatu ditzaketela aurreratu du.
Zortzi pertsona hasi ziren elkartean, eta, gaur egun, hogei pertsona daude. Gainera, adin ezberdinetako jendea dago. "Gazteenak 10 urte ditu eta helduenak 58 urte". Adin tartea handia denez, "elkarbizitza" arazotxoak egoten direla aitortu du Ruiz de Eguinok, "baina guk ere izaten ditugu". Behar bereziak ere mota guztietakoak dira: down sindromea duten pertsonak daude, baita garapenean nahasmena dutenak ere, besteak beste. Hala ere, haien artean sortzen den harremana ikusi behar dela dio Ruiz de Eguinok: "kontatzen badizute sinestezina da. Nola besarkatzen diren, begiradak, irribarreak..."

Milakolore eguna
Bihar, urriaren 27an, larunbata Milakolore elkarteko kideekin egoteko aukera izanen da. Egun osoko egitaraua prestatu dute gustu guztietarako eta adin guztietarako pentsatuak. Behar bereziak dituzten pertsonendako bideratuak daude, baina edozeinek parte har dezake, hori baita egunaren helburuetako bat: behar bereziak dituzten pertsonak gizarteratzea eta integrazioa bultzatzea. "Gure seme-alabekin egoteko, ongi pasatzeko eta dantzatzeko egun bat izanen da. Haiekin unetxo bat nahikoa da konturatzeko nolakoak diren. Oso gutxi eskatzen dute, eta asko ematen dute".  

Lakuntzan ospatuko dute Milakolore eguna, plazan, eta eguraldi txarraren aurreikuspena dagoenez, karpa bat berogailuarekin jarriko dutela esan dute. "Milakolore eguna opari bat izan da guretzat. Opari handiena izan dela esanen nuke". Lakuntzako hainbat pertsoneri esker antolatu dute festa. Lakuntzako udalak Mochila 21 musika taldea kontratatu zuen, baina ez zuten kontzertua bakarrik egin nahi: "behar bereziak zituzten pertsonen aldeko eguna izatea pentsatu zuten".

Hiru hilabetetan lan asko egin dutela azaldu du Ruiz de Eguinok: "pertsona oso onak izan ditugu bidean. Lakuntzako alkatea, baina ez alkate bezala, Patxi bezala; Aitor, Martin, Ricardo, Fernando, Garin... eta beste hainbat gure ondoan egon dira festa prestatzen. Ondoan ez; gure aurretik joan dira". Sentsibilitate handia erakutsi dutela goraipatu du Ruiz de Eguinok.

Integrazioa bultzatu ez ezik, Milakolore egunarekin dirua biltzeko aukera izanen dute ere. "Urtea pasatzeko dirua dugu, baina besterik ez". Hortaz, egunean lortzen duten diruarekin egokitutako ibilgailua finantzatzeko erabiliko dute. "Ibilgailua izatea oso garrantzitsua da. Boluntarioek lekuetara joateko arazoak izan ohi dituzte, eta honek asko lagunduko digu". Bederatzi pertsonendako ibilgailu bat da, gurpildun aulkira egokituta dagoena.

"Mila sari baino gehiagoko tonbola bat dugu. 3.500 boleto ditugu, beraz, oparia lortzea oso erraza da". Txosna egonen da ere plazan. Goizean tailerrak, puzgarriak, zaldian ibilbideak eta beste hainbat ekimen egonen dira, eta haietan parte hartzeko eskumuturrekoak erosi behar dira, 3 euroko prezioa dutenak. Kolaboratzeko beste modu bat egunerako egin dituzten koloretako zapiak erostea da.

Bazkari herrikoia izanen da ere, eta, arratsaldean dantza eta musika izanen da. Mochila 21 taldearen kontzertua izanen da, baina aurretik Milakoloreko kideek eta Dantzarima dantza konpainiako dantzariek dantza eginen dute. Batukada ere izanen da. Ondoren, Zesura rap taldearen kontzertua izanen da, Mochila 21 aurretik. Ondoren, Beietz! arbizuarren eta La Banda del Jefe Bigun talde altsasuarraren kontzertuak izanen dira.

Milakolore egunaren egitaraua
Egunean Tonbola, zaldiekin ibilaldiak eta puzgarriak.
12:30 Tailerrak: Helena Santano, Gure Sustraiak baserri eskola, aurpegi margotzea, henna, Anfas, Tasubinsa eta abar.
14:30 Herri bazkaria
16:00 Dantza eta batukada. Irantzu eta Carlos
Kontzertuak
19:00 Zesura rap
20:00 Mochila 21
21:00 Beietz!
21:30 Zezensuzkoa
22:00 La banda del jefe Bigun