Antzerkia eta musika Lakuntzako asteburuan

Guaixe 2018ko aza. 9a, 13:02
Begoña Olavide eta Javier Bergia

Lakuntzako udaleko Kultur zerbitzuak kultura bi emanaldi prestatu ditu biharko eta etzirako: Aukerak antzezlana eta kontzertu akustikoa, hurrenez hurren

Azaroarekin batera aurkeztu zuen Lakuntzako udelak kultur egitaraua. Musika, antzerkia, magia ikuskizuna eta beste hainbat ekimen prestatu ditu udazkeneko hilabete honetan egiteko. Hortaz, asteburu honetan bi emanaldi antolatu ditu. Bihar, azaroaren 10ean, Aukerak antzezlana izanen da, 19:00etan, kultur etxean. Igandean, azaroaren 11n, Begoña Olavide eta Javier Bergia musikarien kontzertu akustikoa izanen da, 18:30ean, kultur etxean.

Esperientzia bakar batek sortu ditzazkeen sentimenduak, erreakzioa eta loturak aztertzen ditu Aukerak antzezlanak. Arteko antzerki konpainiak antzezlan intimoa aurkezten du, norberaren eta besteen arteko harremanez, loturez eta desberdinetasunez hausnartzen duena. Nerea Atxa eta Feli Txabarri dira aktoreak. Aukerak antzezlana bihar izanen da Lakuntzan, azaroaren 10ean, 19:00etan. Sarerrek 5 euroko prezioa dute henduendako eta 1 eurokoa haurrendako.

Musika akustikoa

Begoña Olavide eta Javier Bergia ibibilde handiko musikariak dira. Elkarrekin bi disko kaleratu dituzte, De un tiempo a esta parte (2014) eta Burlesco (2016). Hala ere, diskografia handiena bakarka egindako lanean dute. Izan ere, biak dira ikus-entzunezkoetan oso ezagunak. Zinemarako, telebistarako eta dokumentaletarako musika sortzen dute bi artistek. Igandean, azaroaren 11n, kontzertu akustikoa eskainiko dute Lakuntzako kultur etxean.

Javier Bergia 1980ko hamarkadan hasi zen lanean. Gitarra, perkusioa, ahotsa eta konposatzea gustatzen zitzaion. Gainera, afrikako musika azetartzeko elkarte bat sortu zuen ere. Hainbat taldetan aritu ondoren, bakarkako bidea hartzea erabaki zuen. Musika konposizioan egin du Bergiak lan gehiena. Izan ere, Maria Dolores Pradera, Javier Krahe , Jose Antonio Labordeta eta beste hainbat musikari ospetsuei letrak eta musika idatzi zizkien. Telesbista saioetarako musika ere sortu izan du Bergiak.

Begoña Olavide abeslaria da eta salteroaz laguntzen du kantua. Hainbat antzezlanei, dokumentalei eta telebista saioei musika jarri die.