Horixe nahi zuen Txingurriye elkarteak, kultura desberdinetako lakuntzarrak elkarrekin biltzea, nahastea eta elkarren berri izatea. Aitzakia munduko arrozak ekimena izan zen eta udaletxe parea sukalde bihurtu zen. Han Senegal, Uruguai, Maroko, Brasil, Mallorka eta Euskal Herriko arrozak prestatu ziren eta eguerdi partean haiek dastatzeko aukera izan zuten lakuntzarrek. Arroz saldatsua, oilasko eta barazkiekin, gatzan ondutako haragiarekin, txerrikiarekin, arroz esnea… Jendea poleki bildu zen plazan eta jakin-minak prestaketaz galdetzera animatu zituen bat baino gehiago. Bitartean, haurrek jokoekin jolastu edota Euskaraldiko txapak egiteko aukera izan zuten. Gainera, beste hizkuntzetako hitzak ikasteko aukera ere izan zuten.
Txingurriye elkartea lakuntzar berrien seme-alaben eskola-porrota saihesteko asmoz sortu zen, horrek haurren integrazioa erraztuko zuelako. Txingurriyek duela ia 10 urte abiatu zuen egitasmo hori baina bidean beste batzuk ere martxan jarri ditu, beti ere, Lakuntzan dauden kulturen arteko harremana sustatzeko: haurrendako jarduerak antolatzeko Txingukolore, helduendako gaztelania erakusteko Txingugazte, tailerrak eta bestelakoak.