Anita Parker taldearen dantza egiteko deialdia

Guaixe 2018ko aza. 30a, 12:14
Anita Parker taldea diskoaren aurkezpenean. MAUKA

Bigarren diskoa kaleratu du Anita Parker taldeak. Lehenego diskoaren idei nagusia jarraitzen du, baina disko berria elektronikoagoa dela adierazi du taldeak

Anita Parker !! diskoa aurkeztu du izen bereko taldeak. Lehenengo diskoa homonimoa zen ere, baina bigarren hau ozen adierazi nahi izan dute: bi harridura ikur gehitu diote: Anita Parker !!. Diskoak taldearen elektro-swing estiloa mantentzen du, baina "elektronikoagoa eta dantzagarriagoa" dela esan zuten taldekideek Bilbon egindako aurkezpenean. Taldea Arrasaten sortua bada ere, Olatz Andueza lakuntzarra eta herri berean bizi den Jon Zubiaga Osoron dira taldeko kideetako bi.

Anita Parker taldearen estiloa bereizgarria da. "Musika elektroniko dantzagarria edo elektro swing" bezala definitzen dute. Hortaz, Swing-a dago oinarrian, baina atzoko eta egungo musika elektronikoarekin uztartzen dute. Bigarren diskoa "elektronikoagoa" da, elektro-swing guztiz alde batera utzi gabe. Gainera, Anita Parker !! diskoan rap, bolero, sasi-tangoa eta beste estilo batzuetako ukituak entzun daitezke.

Azkarateko Katarain estudioetan grabatu dute diskoa Jonan Ordorikarekin. Javi Perez, Zigor DZ eta La Furiaren kolaborazioak izan dituzte. Taldekideak "pozik daude emaitzarekin". Lehenengo diskoa Iñaki Bengoa taldekidearen zen Shot! estudioetan grabatu zuten, baina erre zen eta "ezer gabe" galdetu zirela adierazi zuten. Diskoaren azalak Andy Warholen arteari keinu egiten dio, eta lehenengoaren berdina da, baina kolore desberdinekin.

Sortu zenetik Anita Parker taldeak 60 kontzertu baino gehiago eman ditu. Besteak beste, Japonian, Korean, Galizian eta Andaluzian egon ziren. Altsasun ospatutako Nafarroa Oinez-en ere aritu ziren, eta azken emanaldia Beldur Barik Gasteizen egindako topaketetan egin zuten.

Hurrengo zuzenekoa Euskal Herriko kulturaren plazan izanen da: Durangoko Azokan. Ahotsenean zuzenekoak-en agertokian izanen da, abenduaren 6an, ostegunean, 12:40ean.