Taldearen "arima" jasotzen duen diskoaren grabaketa

Guaixe 2018ko aza. 30a, 13:12
Ciento volando taldea. UTZITAKOA

Kontzertu berezia eginen du Joseba Santesteban lakuntzarraren Ciento volando taldeak, Burlatan, bihar, abenduaren 1ean, 22:30etik aurrera

4nek taldean egon ondoren, Joseba Santesteban hiru lagunekin elkartu zen Ciento volando taldea sortzeko. Pop-rock egiten dute, baina country estiloa nabarmena dela dio Joseba Santestebanek, taldeko baxu-jotzaileak. Bihar, abenduaren 1ean, kontzertu "berezia" eginen dute Burlatako kultur etxean: zuzenekoan diskoa grabatuko dute. 22:30etik aurrera izanen da emanaldia. Gainera, abestiak jotzen dituzten bitartean irudien proiekzioak eginen dituzte, eta aktore batek hainbat elkarrizketa eginen ditu.

Euskal Herriko taldeen artean country-a ez da oso ohikoa. Eta horregatik da Ciento volando taldearen bereizgarrietako bat: "Carlosi, abestiak egiten dituen taldekideari, Nashville inguruko musika hori gustatzen zaio, eta gure abestiek country ukitu hori badute". Taldearen letrak ere bereziak direla dio Santestebanek: "mezua duten letrak dira, gizarte gaiak jorratzen ditugu". Izan ere, Carlos kazetaria da eta "letretan nabari da".

Berezia izanen da diskoa grabatzeko modua ere. Estudio batean sartu beharrean, Burlatako kultur etxean eginen duten kontzertua izanen da diskoaren grabaketa. "Uste dugu horrela taldearen arima, gure musikaren arima, geldituko dela diskoan". Zuzenekoetan sortzen den giro berezia jaso nahi du Ciento volando taldeak bere lehenengo diskoan. "Okertzen bagara ere, hori diskoan gelditzea berezia da".

Diskoa grabatzea ez ezik, bideoan ere grabatuko dute "gaur egun garrantzia handia hartu dutelako ikus-entzunezkoek". Izan ere, musika entzun ez ezik ikuskizun "berezia" eskainiko du taldeak. Zortzi abesti sortu dituzte. Besteak beste, proiekzioak eta aktore bat egonen dira.