Lagun Artea liderrak Altsasu hartuko du Zelai Berrin

Guaixe 2019ko urt. 10a, 12:13
Igandean Lakuntzako Zelai Berrik hartuko du Lagun Artearen eta Altsasuren arteko derbia.

Erregional maila. 15. jardunaldia: Ardoi 1 - Lagun Artea 1 / Salesianos 2 - Altsasu 3

Eguberrietako oporrak baino lehen jokatutako erregional mailako 15. jardunaldia gozoa izan zen gure taldeendako. Zizurren jokatu zuen Lagun Arteak eta lakuntzarrek bana berdindu zuten Ardoi B taldearekin, lainopean. Hasieran Ardoik dominatu zuen eta gola sartzea lortu zuten etxekoek. Baina lakuntzarrek ez zuten etsi eta partida bukatzear zegoela berdinketaren gola sartu zuen Anderrek.

Mutiloan Salesianosen kontra jokatutako partidan oso serio hasi zen Altsasu, gol aukera ederrak sortzen. Javierrek gorritxoen lehena sartu zuen, baina atsedenaldia eta gero berdindu zuen Salesianosek. Bigarren gola sartzea eta markagailuan aurreratzea lortu zuen Salesianosek, baina Mikelek berdintzea eta Imanol Lobok garaipenaren gola sartzea lortu zuten. Horrela, 2 eta 3 irabazita, hiru puntuak lortu zituzten altsasuarrek.

Sailkapenean Lagun Arteak jarraitzen du erregional mailako lider (36 puntu), Lagunak B taldeari 3 puntu aterata. Altsasuk laugarren postuan jarraitzen du (28 puntu). Igandean, hain zuzen ere, talde sakandarren arteko derbia hartuko du Lakuntzako Zelai Berrik, 15:45ean.