Cerezoren Nafarroako selekzioa, Estatuko finaletako fasera

Guaixe 2019ko ots. 12a, 13:07
Argazkiak: Nafarroako Futbol Federazioa.

Emakumezkoen XIV. Selekzio Autonomikoen Arteko Futbol Txapelketako azken faserako sailkatu dira 15 urtez azpiko eta 17 urtez azpiko Nafarroako selekzioak. 17 urtez azpikoan Mulier futbol taldean dabilen Aroa Cerezo lakuntzarrak jokatzen du

Emakumezko futbolari nafarrak goi goian daude. Asteburuan XIV. Selekzio Autonomikoen Arteko Futbol Txapelketako 2. fasea jokatu zen eta Nafarroako bi emakumezkoen selekzioak, 15 urtez azpikoak eta 17 urtez azpikoak, txapelketako azken faserako sailkatzea lortu zuten, asteburuan jokatutako euren partidetan emaitza bikaina izan eta gero. Lorpen historikoa izan da hau bi selekzio nafarrendako. 15 urtez azpiko selekzioko txapelketako azken fasea maiatzaren 29tik 31ra jokatuko da eta 17 urtez azpiko azken fasea, aldiz, apirilaren 5etik 7ra, oraindik erabaki ez den tokian.

Nafarroako 17 urtez azpiko emakumezkoen selekzioan Aroa Cerezo lakuntzarra dabil. Cerezok Mulier taldean jokatzen du, maila bikaina du eta, horren isla, Nafarroako selekzionatzaileak selekzioan aritzeko deitu zuen. Asteburuan jokatutako partidetan, Extremadurarekin bana berdindu zuten nafarrek, baina Cantabriari 0 eta 3 irabazi zioten eta, horregatik, azken faserako sailkatu dira. Fase horretan Katalunia, Andaluzia eta Madril selekzioak izango dituzte aurkari.

15 urtez azpiko Nafarroako selekzioak 2 eta 0 irabazi zion Extremadurari eta 1 eta 2 hartu zuen mendean Cantabria. Kasu honetan ere, 15 urtez azpiko nafarrek Katalunia, Andaluzia eta Madril selekzioak izango dituzte arerio azken fasean.

Nafarroako 17 urtez azpiko selekzioa ondoko jokalariek osatzen dute: Ilargi Lopez, Saioa Larunbe, Elena Lizoain, Maria Mendaza, Nadia Armendariz, Sara Carrillo, Ana Urzainki, Maite Valero, Naroa Perez, Ana Andraiz, Carla Parrondo, Olaia Brieba, Oihane Begiristain, Nerea Nagore eta Aroa Cerezo jokalariek.

Jarraipen handia
Nafarroako emakumezkoen selekzioek asteburuan jokatutako partidak zuzenean eskaini zituen Nafarroako Futbol Federazioak, Youtuben duen katean, streaming bidez. Federaziotik adierazi dutenez, zuzenean eskainitako partidek 10.050 bisualizazio izan zituzten guztira: larunbateko jardunaldian 5.418 bisualizazio eta igandekoan 4.632 bisualizazio.
Nafarroako Futbol Federazioak Youtuben duen kanalean aipatu partidak ikus daitezke, ondoko loturan: https://www.youtube.com/c/Federaci%C3%B3nNavarraF%C3%BAtbolFNF