Lakuntzako ihote ospakizunak eskolako ikasleek gaur 12:30ean eginen duten kalejirarekin hasiko dira. Hala ere, bihar izanen da inauteri lakuntzarraren egun handia. 13:00etan, bazkal aurreko poteorako aterako dira mozorrotutako kuadrillak eta familiak. 14:30ean herri bazkarian elkartuko dira denak eta mahaitik jasota Elebitan-ek dantzarako doinuak jarriko ditu. Ihote parranda ordu txikiak arte luzatuko dute lakuntzarrek.
Astearte arratsaldean, 17:00ak aldera, zatamarroak kalera aterako dira. Erraz asko ezagutu daitezke arropa edo zaku zaharrak jantzita dituztelako, aurpegia estalia dutelako eta buruan lastozko txanoa. Eskutan erratza, sardea edo hurritz makila dute. Azken zigor horrekin jendea berotuko dute, horretarako plazan batetik bestera lasterraldi handiak eginez. Haiek zirikatzeko errepika honakoa da: zatamarro begi-gorri urtien behin etorri. Haur txikiak ere mozorrotuko dira eta txokolate-jana izanen dute.