Sakana Group: izen, babesle eta maillot berriarekin ariko da Aralar

Guaixe 2019ko mar. 15a, 12:57

Aralar Txirrindularitza Taldeak babesle berriarekin ekingo dio bere ibilbideko 39. denboraldiari. Sakana Group izango da Lakuntzako taldearen babesle berria. “Gure kluba goitik behera eraberritu da: izen berria, kolore berriak eta ilusioa” azaldu du Alfonso Tadeo presidenteak

Jaioterrira itzuli da Aralar Txirrindularitza taldea. 1980ko ilbeltzean sortu zen Lakuntzan, Euskal Herriko tropeleko talde beteranoetako bat da eta 39 urte geroago Lakuntzak eman dio taldeari aurrera egiteko behar zuen bultzada. “Denboraldi hau berezia da, gure taldea aurten goitik behera berritu delako. Izen berria dugu, kolore berriak eta ilusioa. Ilusioa ez dugu inoiz galdu, baina une oso gogorrak pasa eta gero, txirrindulariak trebatzen jarraitu dezakegu. Hori baita gure helburu bakarra. Horregatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Lakuntzako Sakana Group kooperatibari, gure taldean konfiantza izateagatik, eta berarekin batera gure gainontzeko babesle guztiei, Sakanako hainbat udali eta Mankomunitateari, urtetik urtera gazte hauek txirrindularitzan trebatu daitezen laguntzen gaituztelako eta neska-mutiko hauen gurasoei, taldean konfiantza izateagatik”. Horrela hasi zuen 2019ko denboraldiaren aurkezpena Aralar Txirrindularitza Taldeko presidente Alfonso Tadeok.

Izan ere, hori da 2019 taldeko aldaketarik nabarmenena, taldearen izen berria, Sakana Group-Aralar, eta horrekin batera lotuta dagoen maillot eta kolore aldaketak. Intersport Irabia 29 urtez jarraian izan zen Aralar taldeko babesle nagusia, baina babesletza utzi eta aurten Sakana Group kooperatiba lakuntzarra da babesle berria. “Espero dezagun urte askotarako izatea. Oso pozik eta eskertuta gaude. Gainera, herriko enpresa bat babesle nagusia izatea polita da, pentsatzen dut beraiendako ere hala izango dela. Maillotak oso politak gelditu dira eta gogotsu gaude” gaineratu zuen Tadeok.

Denboraldia ongi hasi du Sakana Group-Aralar taldeak. Junior mailako lehen proba, Villatuertakoa, Aitor Alberdi arbizuarrak irabazi zuen. Aurten 46 txirrindulari trebatuko dira taldean, 32 eskoletan, 6 kadeteetan eta 8 juniorretan. Eskolak trebatzen 9 entrenatzaile ariko dira eta kadeteetan eta gazteetan 3 zuzendarik hartuko dute txirrindulariak entrenatu eta laguntzeko ardura.

Guztira 10 juntakidek osatzen dute Aralar Txirrindularitza Taldeko zuzendaritza batzordea: Alfonso Tadeo presidenteak, Mariasun Erdozia idazkariak, Javier Etxarri lehendakariordeak, Laura Sainz diruzainak, eta Alberto Martinez, Jose Maria Cerviño, Josune Zabala, Nerea Bergera, Marixa Zabala eta Josetxo Astitz bokalek.

5 lasterketa
Aralar Txirrindularitza Taldeak 5 lasterketa antolatuko ditu aurten, eskola mailako hiru –ekainaren 1ean Irurtzunen, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria izango dena eta Lekunberriko lasterketa ordezkatuko duena, ekainaren 8an Etxarri Aranatzen jokatuko dena eta abuztuaren 3an Lakuntzan jokatuko dena–, kadete mailako bat, abuztuaren 27an Lakuntzan jokatuko dena eta emakumezkoen lasterketa, ekainaren 15ean Lakuntzan jokatuko dena. Horretaz gain, Ermitagaña klubari laguntza emango diote abuztuaren 7an Etxarri Aranatzen jokatuko den juniorren Iruñeko Itzuliko etaparako. Kadeteek eta juniorrek dagoeneko hasi dituzte entrenamenduak, baina eskola mailakoak martxoaren 16an hasiko dira; ordutik aurrera, larunbatetan eta igandean, goizeko 10:00etan entrenatzera bilduko dira Lakuntzako industrialdean.

Historia laburtua
1980ko ilbeltzean sortu zen Aralar Txirrindularitza kluba Lakuntzan, bertako gaztetxoak Altsasuraino joan behar ez izateko. Azkar Arbizu, Etxarri Aranatz, Sakanako beste herrietako txirrindulariak, Leitzakoak, Iruñekoak… taldera batu ziren. 1980ko ekainaren 21ean lehen proba antolatu zuen klubak, kadeteen mailako I. Lakuntzako Hiribildua Trofeoa. Migel Indurainek irabazi zuen proba eta Javier Garziandia lakuntzarra 5.a sailkatu zen. 1988an emakumezkoen taldea sortu zuen Aralar klubak, Intersport Irabia emakumezkoen taldea. Garaiko Nafarroako neska onenak pasa ziren taldetik. 1993an desagertu zen taldea, krisialdi baten eraginez. 1991n 57 txirrindulari zeuden Aralarren, orain arteko kopururik handiena, eta 2007an kopuru txikiena, 17 txirrindulari. Baina taldea beti atera da aurrera. 2003an izen aldaketa izan zuen: klub izatetik Aralar Txirrindulari Taldea izatera pasa zen. Urte hauetan, 6 txirrindulari profesional atera dira Aralartik: Javier Garziandia (Caja Rural-Orbea) Jose Luis Arrieta (Banesto-Movistar Team), Egoi Martinez de Esteban (Euskaltel-Euskadi), Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi), Javier Etxarri (Grupo Nicolas Mateos) eta Joseba Larralde (Orbea). Horretaz gain, taldeak 6 babesle nagusi izan ditu 39 urte hauetan: Salmen, Cocinas Lacunza, Sonhar, Elektra, Hostal Irubide, Intersport Irabia (29 urtez jarraian) eta Sakana Group.

Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldea 2019
Eskolak (32): Promesak (3): Nagore Azanza, Iñaki Ayucar eta Lander Gorriti. Entrenatzaileak: Txomin Huarte eta Etxarriko. Hasiberriak (7): Unax Etxeberria, Ekai Erdozia, Urko Oiarbide, Garbiñe Arregi, Ion Unai Gonzalez, Xabier Gorriti eta Adur Verdugo. Entrenatzaileak: Xabier Etxeberria eta Iban Verdugo. Kimuak (9): Ibai Arana, Oihan Gorriti, Janitz Zufiaurre, Manex Huarte, Luca Martinez, Aimar Azanza, Ekain Navarro, Lier Verdugo eta Iker Martinez. Entrenatzaileak: Juan Bautista Urtasun eta Egoi Martinez. Haurrak (13): Manex Zufiaurre, Achraf Sbai, Aritz Oiarbide, Anartz Garcia de Albeniz, Xabier Yeregui, Adrian Martinez, Aritz Sáo Roque, Bakarne Arregi, Eñaut Oiarbide, Leire Urtasun, Gabriel Irurtia, Ion Lizarraga eta Alain Rosado. Entrenatzaileak: Alberto Martinez eta Ivan Gonzalez.

Kadeteak (6): Jon Erdozia, Martzel Etxeberria, Aitor Ondarra, Mikel Yeregui, Alex Lopetegi eta Aimar Tadeo. Entrenatzaileak: Edi Cerviño eta Alfonso Tadeo.

Juniorrak (8): Urko Gorriti, Inhar Astitz, Aitor Alberdi, Asier Irujo, Igor Arrieta, Mikel Lizasoain, Sendoa Jauregi eta Unax Miranda. Entrenatzaileak: Edi Cerviño eta Javier Etxarri.