800 zuhaitz gehiago basoan

Guaixe 2019ko mar. 19a, 14:00
Landaketa nola egin ikusten.

Larunbatean adin guztietako lakuntzar ugarik haritzak, gaztainondoak, astigarrak eta gorosti bat landatu zituzten Metei dermioan.

Haur, gazte eta helduk bat egin zuten larunbateko zuhaitz landaketan. Lakuntzako Udalak guraso elkarteen eta Biltoki gazte elkartearekin batera egin zuen deialdia. 10:00etan plazan elkartu eta beheko basorako bidea hartu zuten. Metei dermiora iritsita Lur Geroa enpresako Xabier Erbitik harrera egin zien eta zuhaitzak moztu ondoren basoberritzea egiteko zer zuhaitz erabiliko zituzten azaldu zien. Bertako haritza babestu behar den zuhaitza da, Erbitik esan zuenez. Landaketarekin haritz hori mantendu eginen da. “Astigarrak haritzarekin ongi etortzen den landare espezie bat da. Ez daude asko. Bioaniztasunarekin ere badu zerikusia”. Haritzak eta astigarrak sartzeko zuloak hiru metroko distantzian zeuden.

Gaztainondoen landaketaren “garrantzia” nabarmendu zuen Erbitik: “aspalditik gaztainondoak zeuden, gaitz bat dela medio galdu ziren”. Berreskuratzeko gaztainondo hibrido eta mikorrizatutako gaztainondoak landatu zituzten larunbatean. “Hibridoak esan nahi du lehen zegoen gaitzari aurre egiteko bilatu zela bi gaztainen arteko elkarketa bat. Gero, mikorrizatuak esan nahi du landareari txertatzen zaiola onttoak haztekoa. Horrek esan nahi du landarea onttoarekin heldu dela”. Beraz, gaztainondoak hazten diren heinean onttoak ere aterako direla aurreratu zuen Erbitik. “Gaztainaz apartek onttoak bilduko dira”. Gaztainondoak eta onttoek elkar lagunduko dutela ere argitu zuen: “gaztainondoak txikiak direnean, lehortea edo mantenugai falta badago, mikorrizak, onttoen bitartez, ur puntu horiek hartzen eta gehiago garatzen. Eta, alderantziz. Landareak ere laguntzen dio onttoari”.

Erlazionatuak