Garikoitz Floresek podiumean ekin dio Espainiako Mendi Txapelketari

Guaixe 2019ko mar. 21a, 12:34

Asteburuan Esteponako Peñas Blancas automobilismo igoera jokatu zen eta Garikoitz Flores lakuntzarra hirugarrena sailkatu zen sailkapen orokorrean, bere mailan, II. Kategorian, lehena

Asteburuan hasi zen Espainiako Automobilismoko Mendi Txapelketa, Esteponan jokatutako Peñas Blancas igoerarekin. Bertan parte hartu du Garikoitz Flores Aristorena pilotu lakuntzarrak, BRC B49 barketarekin. Aurreko urtean Floresek Espainiako Mendi Txapelketako II. Kategoria irabazi zuen, eta aurten ere maila horretan lehiatzen ari da lakuntzarra, II. Kategorian.

Eguraldia lagun, Peñas Blancas igoera ikusgarria izan zen. Txapelketako I. Kategorian lehiatzen den Javi Villa pilotu asturiarrak (BRC B53) sekulako erakustaldia eman zuen eta bera izan zen azkarrena (7:35.84), bere mailan lehiatzen den Cristian Broberg pilotuaren aurretik (8:09.00) eta II. Kategorian dabilen Garikoitz Floresen aurretik (8:14). Jakina, bere kategorian, II. Kategorian, lehena da Flores. Hasieran erritmoa hartzea kosta egin zitzaion lakuntzarrari, baina behetik gora egin zuen eta aurtengo denboraldia aurrekoa bukatu bezala hasi da Floresendako: II. Kategorian irabazten eta scratchean hirugarrena.


Aurten Espainiako Mendi Txapelketarako 8 proba izango dira baliagarriak: aurreko asteburuan jokatutako Esteponako Peñas Blancas igoera; apirilaren 27an eta 28an Ubriquen jokatuko den igoera, maiatzaren 18ko eta 19ko Fitoko igoera; ekainaren 8ko eta 9ko Guia de Isora igoera; uztailaren 13ko eta 14ko ALP 2500 igoera; abuztuaren 10 eta 11ko Chantadako igoera; irailaren 28eta 29ko La Santa igoera eta urriaren 19ko eta 20ko Les Revoltes d´Ibiza igoera.