Lakuntzan dago Sakanako euskarazko hemeroteka

Guaixe 2019ko mai. 2a, 16:36
Lakuntzako liburutegian Guaixe fundazioak prestatu duen txokoa.

Guaixe hilabetekariaren eta Oixe astekariaren ale zaharrak ikusteko aukera dago Lakuntzako liburutegian, 16:30etik 20:00etara, maiatzaren 10ra arte.

Abenduan 25 urte beteko da Guaixe hilabetekaria argitaratzen hasi zela. Hilero-hilero Sakanako berriak etxeetaraino eramaten zituen argitalpenaren ale zaharrak bildu eta lakuntzarren eskura jarri ditu Guaixe fundazioak. 1994 eta 2002. urteen artean lakuntzar mordoa eta makina bat albiste izan ziren protagonista astekarian. Horiek gogorarazteko bilduma liburutegian ikusgai dago nahi duen guztiarendako. Guaixe fundazioak propio prestatutako txoko batean dago. Hilabetekariarekin batera 2001 eta 2003. urteen artean argitaratu zen Oixe astekariaren aleak ere kontsulta ditzake interesatuak.

Orri pasa dagoen bakarren batek ikusitako zerbait berarendako nahiko balu, alea erakusketan uztea eta Guaixe fundazioarekin admin@guaixe.eus e-posta bidez harremanetan jartzea eskertuko genioke. Eskatutako alea oparituko lioke fundazioak. Trukean alearekin argazki bat egitea eta sare sozialetan partekatzea eskertuko lioke fundazioak. Azken horretarako #batzengaituena edota #Guaixe25 traolak erabil daitezke. Erakusketan photocall-a ere badago. Bakarren batek bere burua Guaixe edo Oixe zahar batean ikusi eta harekin argazkia egin nahi badu horretarako aukera ere badu. Guaixe fundazioak denboraren kapsula txikia den erakusketa bisitatzera gonbidatu ditu lakuntzarrak.

Egutegia


Liburutegia       Data 

Lakuntza          Apirilak 29 - Maiatzak 10
Iruñea              Maiatzak 14 – Maiatzak 25


Irurtzun            Irailak 30-Lastailak 11


Etxarri Aranatz Lastailak 14-25


Olatzagutia      Lastailak 28-Azaroak 8