Lakuntza bertako produktuen plaza

Guaixe 2019ko mai. 17a, 14:12
Azoka estalpean egonen da aurten ere.

Igandean, 10:00etatik 15:30era, bertako produktuen azokaren laugarren edizioa izanen da. Ekoizleekin, artisauekin eta eragileekin batera herriko abeltzainen azienda erakusketa izanen da.

Garai bateko feria berreskuratu asmoz 2016an bertako produktuen azoka antolatzeari ekin zion Lakuntzako Udalak, Cederna Garalur elkartearen laguntzaz. Ordutik azokaren helburua da lehen sektoreari eta tokiko produktuei bultzada eta ikusgarritasuna ematea. Lakuntzako plazan 15 ekoizleren postuak izanen dira eta haietan hestekiak, gaztak, barazkiak, barazki kontserbak, pastelak eta beste eskainiko dituzte.

Lasterbidean probagatik aurten artisau guztiek ezin izanen dute Mikel Arregi kalean egon. Zurezko jostailuak, oinetakoak, osagarriak, bitxiak, poltsak, artilezko popinak eta bestelako eskaintza duten sei postu Mikel Arregi kalean izanen dira eta gainontzeko lauak Abarrategi kalean. Kale horretan, bestalde, azienda erakustaldia izanen da, behiak, ardiak, ahuntzak, pottokak, zaldiak, txakurrak eta beste.

Lehiaketak
Aurretik, II. Patata tortilla lehiaketa jokatuko da larunbatean, 18:00etan, plazan. Izena eman duten  parte-hartzaileek zortzi arrautzako patata tortilla bana egin beharko dute. Bi osagai horiek udalak emanen dizkie eta hark sukaldariek lan egiteko mahaiak ere jarriko ditu. Gainontzeko tresneria parte-hartzaileen esku izanen da. Lehiaketa 18:00etan hasiko da eta tortillak 19:30erako aurkeztu beharko dituzte.

Jakina, parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen osagaiak erabiltzeko aukera izanen du patata tortilla egiterakoan. Prestatutakoa udalak emandako platerean aurkeztu beharko da. Epaimahaiak aurkezpena, zaporea, sormena eta egite puntua izanen ditu kontuan puntuak ematerakoan. Haien lanaren ondoren, tortillak dastatzeko aukera izanen da. Gastronomia lehiaketa horrekin asetzen ez denak, ostegunean Gure Nahia jubilatu elkartearen tarta lehiaketan parte hartzeko aukera izanen du.

Egitaraua
Maiatzak 18, larunbata
18:00etan II. Patata tortilla lehiaketa, plazan.

Maiatzak 19, igandea
10:00etatik 15:30era Bertako produktuen azoka.

  • Artisau produktuen azoka.
  • Brun forjaren erakustaldia.
  • Irrati saioa zuzenean.
  • Trikitilariak.

11:30ean Irurtzungo Iskide taldearen kale-animazioa.
12:00etan Azienda erakusketa.

Ekoizleen postuak Produktua
Mañeko Pastelak
Reino de Navarra Barazki kontserba
Oiaralda Barazkiak
Ana Añibarrao Pastelak
Lautada landa garapen elkartea Bertako produktuak
Oihane Rodrigo Cervantes Txerrikiak
Sojo natura Belar kremak
Isidro Arregi harategia Txerri hestekiak
Agirre harategia Txerri hestekiak
Vialdea Gurea Eztia
Carlos Aramendia Bengoetxea Ardi gazta
Trufas Lorea Txokolatea/Bonboiak
Zubietako talogileak Taloak
Erlantz Eztia
Ekollaondo Arrautzak/Gazta
Eskulangileen postuak Produktuak
Pedro Maria Olea Armendariz Zurezko jostailuak
Xabier Iturrioz Garmendia-Mª Carmen Del Rio Oinetakoak
Tomas Mauleon Zurezko osagarriak
Biraka tailerra Zurezko osagarriak
Artilezko Hodeiak Artilezkoak
Irantzu Legarra Beunza Poltsak
Angela Arce Mautone Bitxiak
Mikene Bitxiak Bitxiak
Maria Luisa Soto Muro Bitxiak
Begoña Eta Teresa Armendariz Leyun Lanazko popinak

 

Eragileen postuak
Nafarroa Oinez 2019
Anfas
Kibera pride
Txingurriye elkartea
Gure Esku Dago
Altsasukoak aske