Azokarako aterpea

Guaixe 2019ko mai. 20a, 14:50

Baita hara joan ziren lakuntzarrendako eta bisitariendako aterpe ezin hobea izan zen plazakoa.

Eguraldiak ez zuen lagundu 4. Lakuntzako bertako produktuen azokan. Plazan eta Abarrategi kalean jartzekoak ziren 15 ekoizleen postuak, 10 artisauenak eta 5 herri mugimenduen postuak. Baina euriagatik denak plazako estalpean jarri ziren. Oholtzara igo ziren Brun anaiak euren forjarekin. Haiek laguntzen Aitor Ondarra eta Raul Serrano izan ziren. Oholtzan igota egonik jendea ez zen haiekin lanean aritzera ausartzen, lotsaz-edo. Hala ere, azokako postuetatik jende asko pasa zen, eguraldiak lagundu ez arren mugimendua izan zen. Animazioaz Iskidi talde irurtzundarraren mitologia pertsonaiak eta zanpantzar txikia arduratu ziren. Erosketak 15:30era arte egiteko aukera izan zen.

Ondoren, Lasterbidean ekimenaren eskutik animazioa segitu zuen herrian. 700 bat pertsonendako bazkaria izan zen frontoian. Segituan zirku eta herri kirol erakustaldiak izan ziren. Eguna borobiltzeko Al Karajo eta Anita Parker taldeek jo zuten eta Bull dj-a arduratu zen akaberako doinuak jartzeaz.