Beñat Katarain Munduko Kopan

Guaixe 2019ko mai. 22a, 12:03

Mendiko lasterketetako Munduko Kopako 5. proban aritu zen lakuntzarra, Saint-Honorén, Euskal selekzioarekin

Igandean mendiko lasterketetako Munduko Kopako bosgarren proba jokatu zen Saint-Honorén (Frantzia), Sky Race des Matheysins lasterketa, 27 km luze eta 1980 metroko desnibel positiboa zuen proba ikusgarria. Euskal selekzioko hautatzaile Iñaki Uribe-Etxebarriak eta Eneko Aliendek osatutako taldean Oihana Azkorbebeitia, Ander Iñarra, Beñat Katarain eta Xabi Macias zeuden.

340 korrikalarik lortu zuten mendi lasterketa gogorra bukatzea eta askok proba utzi behar izan zuten. Izan ere, eguraldiak are gehiago gogortu zuen proba, hotz handia baitzegoen, lainopean aritu behar izan zuten korrikalariek. Horretaz gain, elur asko zegoen ibilbidean. Mendi-mendiko karrera ikusgarria izan zen, eta Euskal selekzioko kideek lasterketa bikaina egin zuten. Oihana Azkorbebeitiak oso gertu izan zuen podiuma, baina, azkenean, emakumezkoen laugarren postuan despeditu zuen bizkaitarrak ( 03:06:30). Elena Rukhliada errusiarrak irabazi zuen proba (02:57:05). Sailkapen orokorrean Megan Kimmel estatubatuarra da liderra (320 puntu). Azkorbebeitia Munduko Kopako bi probatan aritu da orain arte, Japonian eta Saint Honorén, eta bi probak batuta sailkapenean 9. postuan dago (96 puntu).

Gizonezkoetan lasterketa Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak irabazi zuen (02:35:10). Ander Iñarrak zortzigarren despeditu zuen (02:39:26), eta Munduko Kopan 16.a da. Xabi Macias 34. postuan iritsi zen (02:49:52) eta Beñat Katarain lakuntzarra 40. postuan (02:59:09).