Zegamaren ondotik, Lakuntza-Aralar

Guaixe 2019ko eka. 7a, 14:30

Igandean XVI. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa jokatuko da. Goizeko 9:30ean abiatuko dira korrikalariak, eta izena ematea zabalik dago bihar, larunbatean, eguerdira arte

Zegama-Aizkorriren ajea oraindik pasatu gabe dagoela, korrikalariek beste hitzordu garrantzitsu bat dute etzi. Zabalarte klubak, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren, Lakuntzako Udalaren eta hainbat babeslerekin batera antolatuta, igandean XVI. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa jokatuko da. Berez ederra den proba aurten erakargarriago izango da, ibilaldi luzea aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izango delako, eta, bestetik, Euskal Mendi Federazioko Mendiko Lasterketen Rankingerako puntuatuko delako.

Aralarko bihotzean
Bi distantzien artean aukeratu ahalko dute korrikalariek: ibilbide luzea (26 km, 1.200 m desnibel positiboa) eta ibilbide laburra (12,5 km, 640 m desnibel positiboa). Bi probak aldi berean abiatuko dira Lakuntzako plazatik, 9:30ean.

Bi ibilbidekoek Atazartik Guardetxera (1.035m) joko dute. Ibilbide luzekoak Mugarditik Belokiko lepora (1.195 m) igo ondoren, Txorrotxetara (1.273 m) eta Unagako putzura (1.185 m) igoko dira, eta handik Irumugarrietara (1.431 m) helduko dira, probako gune alturaino. Hortik jaitsierari ekingo zaio, Desaoko bordatik (1.229 m) eta Pagomaritik (1.140 m) barna. Kolosabarne, Larluzgaina eta Algorri pasa ondoren, Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera joko dute, Lakuntzako helmugara, ibilbide ederra bezain paregabea osatu eta gero.

Ibilbide motzekoak, aldiz, Guardetxera igoko dira, baina Mugerdirantz egin beharrean, Larluzgainara (1.103 m) joko dute, ondoren Etxaaltxetan (920 m) ibilbide luzearekin bat egin eta Lakuntzara jaitsiko dira. Etxaaltxeta pasa ondoren Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera, Lakuntzara.

Ibilbide motzeko lehen partaidearen helmugaratzea 10:30erako aurreikusten da eta ibilbide luzekoarena, aldiz, 11:30erako. Akaberan, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan.

Sariak
Sari banaketa 13:15ean hasiko da. Parte-hartzaile guztiek produktu lote bana jasoko dute. Proba luzeko irabazleek, gizon eta emakumeek, 250 euro eta txapela jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta trofeoa, eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek eta lehen promesek trofeoak jasoko dituzte. Ibilbide motzean, txapeldunek 100 euro eta txapela eta bigarrenek eta hirugarrenek garaikurra eskuratuko dituzte. Baita lehen kadeteek eta lehen lakuntzarrek ere. Horretaz gain, Nafarroako Kluben Arteko Txapelketako sariak banatuko ditu Nafarroako Federazioak.

Aurreko urtean, eguraldi ona baina ibilbidean lohi asko zegoen. Proba laburrean Alberto Martinez lakuntzarra (1:05:25) eta Nerea Martin dorrobarra (1:24:14) izan ziren azkarrenak. Eta proba luzean, Beñat Katarain herriko semeak arantza atera eta etxeko proba irabazi zuen (2:10:28), emakumezkoetan Lakuntzan estreinatzen zen Vanessa Pelaez andoaindarrarekin batera (2:33:28). Katarain ezingo da etzi etxeko proban aritu, hurrengo astean Tolosan Euskal Herriko Txapelketa, mendi maratoia jokoan duelako, antolakuntza lanetan ariko da, eta Zabalartetik adierazi digutenez, Xabier Zarranz, Raul Amatriain, Jon Ridruejo, Mikel Beunza, Asier Labairu, Alvaro Ramos eta Iñaki Mihura, gizonezkoetan, eta Izaskun Sanz eta Amaia Seminario, emakumezkoetan, daude faboritoen artean.

Izena ematea zabalik dago
Bihar, larunbatata, gaueko 24:00ak arte eman daiteke izena, www.lakuntza-aralar.com edo www.herrikrosa.eus web guneetan. Proba luzerako, federatuek 16 euro eta federatu gabekoek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta proba laburrean, federatuek 12 euro eta federatu gabekoek 15 euro. Guaixeko erredakzioa ixterakoan 153 korrikalari zeuden izena emanda proba nagusian eta 62 proba laburrean.

Asfape elkartearen aldeko lasterketa solidarioa
Lakuntza-Aralar mendi lasterketaren bitartez Zabalarte elkarteak Perthesa duten familien elkartea, Asfape, lagundu nahi du, Sakanan lakuntzar batek eta irurtzundar batek baitute gaixotasun hau. Horrela, goizeko 10:00etan Asfaperen aldeko lasterketa solidarioa antolatu du Zabalartek, adin guztietarako. Lasterketan parte hartzeko dortsal solidarioak salgai daude herriko tabernetan, 2 euroren truke, eta lasterketa hasi baino lehen ere plazan erosi ahalko dira. Plazari buelta bat ematea, hori da lasterketaren erronka. Dortsalengatik jasotako guztia Asfape elkarteari emango zaio eta bertan parte hartzeko deia egin du Zabalartek.