Istripu bikoitza autobian

Guaixe 2019ko eka. 10a, 15:12

Istripua izan zuen atoetako bat autobiako erdibitzailean. Argazkia: Foruzaingoa.

Aurreneko istripuaren ondoren bigarrena etorri zen. Ez zen zauriturik izan

Sakanako Autobian (A-10) auto istripua izan zen Lakuntza parean atzo 17:00etan. Berriozarko 38 urteko gizonezko batek gidatzen zuen autoak autobiako erdibitzaileko landaretzaren kontra jo zuen. Altsasuko suhiltzaileak eta foruzainak joan ziren ezbeharraren tokira. Azken horiek arduratu ziren istripuaren ikerketaz. Garabiak istripuko autoa jasotzen zuen bitartean, foruzainek eta errepide mantentzeko langileek ezkerreko erraila mozten zuten bitartean harantz zihoan auto batek zibarena egin, babes-hesia jo eta autobia erdian gelditu zen. Ez zen zauriturik izan.

Foruzaingotik gaztigatu dutenez, azken kasu horretan foruzainen bizitza arriskuan egon zen. Horregatik, gidariei aholkatu diete errepideko istripu bat ikusiz gero abiadura murriztu eta kontu handiz ibiltzeko.