“Balorazioa oso ona da: urte batean preferentera igotzea lortu dugu”

Guaixe 2019ko eka. 17a, 11:25
Lagun Arteak denboraldi bat egin du erregionalean. Hurrengoan, atzera ere preferente mailan ariko da.

Lakuntzako Lagun Artea taldeak balentria lortu du: iaz preferente maila galdu zuen baina aurten, denboraldi eskas batean, erregionaleko igoera fasean bigarrena sailkatu eta preferentera igotzea lortu du. Taldeko delegatu Oscar Maizarekin bildu gara

2017/ 2018 denboraldian preferente mailatik jaitsi zineten eta bukatu berri den 2018/2019 denboraldian erregionaletik preferentera igo zarete. Bukatu berri den denboraldiko balorazio positiboa egingo duzue, ez?
Zalantzarik gabe denboraldiaren balorazioa oso ona da: preferentera igotzeko helburua lortu dugu, kategoria galdu eta denboraldi batean. Aurten erregional mailako liga oso ongi hasi genuen, goiko postuetan, eta alde horretatik ez dugu gehiegi sufritu. Multzoko liga erregularra irabazi eta gero, igoera faserako sailkatu ginen. Esan beharra dago hasieran pixkat behera egin genuela. Futbolean gabiltzanak dakigun bezala, denboraldian beti gertatzen da, talde guztiek beheraldi edo txahalaldi bat izaten dute, baina egoerari buelta ematen jakin genuen eta, azkenean, bigarrenak sailkatu gara igoera fasean, Ardoi liderrarengatik puntu eskas batera.

Preferentera igo zarete, beraz, ederki ospatuko zenuten, baina orain lan dezente izango duzue klubean, taldea maila berrira egokitzeko.
Orain hurrengo denboraldian pentsatzea dagokigu, guztiz ezberdina izango da. Entrenatzaile berberarekin jarraituko dugu, Alberto Martin Davilarekin, eta orain gauza asko ditugu aztertu eta erabakitzeko: zenbat jubenil igoko diren talde nagusira eta beste. Izan ere, baja garrantzitsuak izango ditugu, Xabier Burillo kapitainarena esaterako, Lagunen urte asko eman eta gero futbola utziko baitu. Markel Erdozia ere badoa, eta baita Eneko Cruz, bere garaian taldeari esku bat emateko etorri zena, eta David Herrera atezaina, fabore bat egiteagatik ere etorri zena. Gauza asko daude lotzeko.

Urte batean igoko zenutela espero zenuten?
Beno, mailaz igotzeko moduko taldea bagenuen, baina erregionala kategoria oso konplikatua da, igoera fasea batez ere. Pozik gaude.

Zorionak!
Eskerrik asko!