Lakuntza, emakume txirrindularien bilgunea

Guaixe 2019ko eka. 14a, 11:39

Bihar, larunbatean III. Lakuntzako Emakumeen Trofeoa jokatuko da, 15:30etik aurrera. Kadeteak, juniorrak, afizionatuak eta eliteak lehiatuko dira, Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria den proban

Emakumezkoen tropeleko onena bilduko da bihar, larunbatean, Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatutako III. Lakuntzako Emakumeen Trofeoan, kadete mailatik hasita, junior eta afizionatuetara arte –23 urtez azpikoak eta eliteak–. Proba Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria da.

Ibilbide berria
Ibilbidean aldaketatxo batzuk egin ditu antolakuntzak. Lakuntza oinarri hartuta bi zirkuitu prestatu ditu Sakana Group-Aralarrek. Bata, Lakuntzako plazatik atera, Mankomunitateraino joan, errepidean ezkerrera egin eta Arruazura heltzen dena, Arruazu gurutzatu, Uharte Arakilera heldu eta industrialdetik Itxesi auzora atera eta gero, Uharte Arakil pasa eta, bigarren errepidetik Lakuntzara heltzen dena (11,1 km). Eta, bigarren zirkuitua, Lakuntzako plazatik atera, Mankomunitateraino iritsi eta errepidean Arbizurantz doana, Arbizun sartu eta herri gunean, San Juan ermitara doan bidea hartu  eta errotondara heltzerakoan Lizarragako portuari ekiteko. Dorraoko bidegurutzean sartuko dira txirrindulariak, Dorrao gainditu eta aurrera eginez, Unanura heltzeko. Han buelta hartu, eta errotondan Utzubar industrialdean sartuko dira, ITVa dagoenean eskuinera egin eta, ondoren, errotondan, Arbizuko norabidea hartu eta hura gaindituta, Lakuntzako industrialdera sartu eta Abarrategi kalean gora eginez, Lakuntzako plazara heltzeko (16,3 km).

Bi zirkuitu horiek erabiliz osatuko da proba. Horrela, 15:30ean kadete mailako txirrindulariak abiatuko dira. Lehen zirkuituari bi itzuli eta bigarren zirkuituari itzuli bat egingo dizkiote, 38,5 km-ko ibilbidea osatzeko. Kadeteen proba bukatuta, elite mailako txirrindulariak 16:45ean ekingo diote lasterketari. Lehen zirkuituari 4 itzuli eta bigarren zirkuituari itzuli bat egingo dizkiote, 60,7 km-ko proba osatzeko. Aipatzekoa da junior mailakoak eliteen lasterketara gehituko direla eliteak lehen zirkuituari buelta bat eman eta gero, 11,1 kilometroan, handik aurrera lehen zirkuituari 3 itzuli eta bigarren zirkuituari itzuli bat egin eta gero 49,6 km-ko lasterketa egiteko. 


“Helburua txirrindulariak Lakuntzatik sarritan pasatzea da, zaleak txirrindulariak behin eta berriz ikusteko eta herrian giro polita sortzeko” adierazi dute Aralar txirrindularitza taldetik, proba gertutik ikusteko gomendioa egiten duten bitartean. ʺProba ikusgarria da, zalantzarik gabe” diote.

Sakandarrak

Oraindik ez dago zehazterik zenbat txirrindularik hartuko dute parte Lakuntzako proban, taldeek egunean bertan egingo baitute euren txirrindularien izena ematea, baina tartean sakandarrak egongo dira, Ermitagaña Nafarroa taldean dabiltzan Nahia Imaz altsasuarra eta Maria Beraza uhartearra tartean. Euren taldekide Leire Maiza etxarriarra ariko den ezin dugu ziurtatu. Jakina, onena opa diegu.