Dantza mugimenduekin, Lakuntzatik mundura

Guaixe 2019ko eka. 14a, 13:18
Lakuntzako dantza ikasleak ikuskizunaren kartelerako posatzen. UTZITAKOA

'Munduko dantzak' ikuskizuna eginen dute gaur Lakuntzako dantza ikasleek, kultur etxean, 19:30ean

Irantzu Gonzalez Dantza Eskolak Lakuntzan eta Olaztin delegazioak ditu. Altsasuko eskolara joan gabe dantza garaikidea eta modernoa ikasteko aukera dute taldeek, herritik atera gabe. Lakuntzako dantzako eskolako taldea 3 eta 13 urte bitarteko 50 ikaslek osatzen dute. Irakaslea Nerea Llamas dantzari altsasuarra da. Eta gaur Lakuntzako dantzariek ikasturte amaierako ikuskizuna eginen dute. Altsasuko dantza eskolako ikasleek egin bezala, Munduko dantzak emanaldia eskainiko dute, 19:30ean, Lakuntzako kultur etxean.

Lakuntzako kultur etxetik mugitu gabe, dantzaren bidezko munduari b uelta emanen dute ikusleek. Izan ere, dantza ikasleek Afrikako, Kubako, Mexikako, Hawaiiko, Indiako eta Frantziako Can-can dantzez disfrutatzeko aukera izanen dute. Gainera, esklusibotasunean datorrean astean Altsasun eginen den Azala ikuskizunaren koreografia bat ikusteko aukera izanen dute, izan ere, Lakuntzako dantza eskolako "handien" taldeak parte hartuko du ikuskizun honetan, eta aurretik Lakuntzan dantza bat eskainiko du.