Emakumeen puntako ikuskizuna Lakuntzan

Guaixe 2019ko eka. 20a, 16:35
Afizionatuen helmugaratzea.

Esprint ikusgarrietan despeditu ziren III. Lakuntzako Emakumeen Trofeoko kadeteen, juniorren eta afizionatuen mailako lasterketak, Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarriak. Sandra Gutierrez, Garazi Estevez eta Ziortza Isasi izan ziren txapeldun handiak

Goizetik ikusi ahal izan zen Lakuntzako larunbatekoa ez zela edonolako lasterketa. Irteerarako eta helmugarako gune bana, epaile ugari, txirrindularitza talde asko, bertakoak eta kanpokoak, txirrindula ikusgarriak, estatu osoko txirrindulariak… Izan ere, emakumezkoen tropeleko onena elkartu zen Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatutako KIII. Lakuntzako Emakumeen Trofeoan. Kadeteak, juniorrak eta eliteak aritu ziren Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria zen lasterketan.

Beste behin argi geratu zen emakumezkoen txirrindularitzak inbidia gutxi izan behar diola gizonezkoenei, baliabideetan edo soldadetan ez bada. Izan ere ikusgarri aritu ziren. Antolakuntzak bi ibilbide prestatu zituen. Lehen ibilbideak, Lakuntza, Arruazu eta Uharte Arakil artekoak, 11,1 km zituen, eta bigarrenak, Lakuntza, Arbizu, Unanua eta Lakuntza artekoak, 16,3 km, Lizarragako portuaren zati bat barne. Eta bi ibilbide hauek konbinatuz osatu zuten proba txirrindulariek.

Kadeteetan Gutierrez azkarrena
Kadeteak izan ziren lehenak. Lehen zirkuituari bi itzuli eta bigarrenari itzuli bat egin zizkioten (38,5 km). Lasterketa mugitua izan zen, baina tropela batera iritsi zen industrialdetik barna Abarrategi kaleko beheraldera eta aldapan gora ia plazan zegoen helmugako esprint indartsuan Sandra Gutierrez (Bioracer) gailendu zitzaien Laia Puigdefabregas (Nafarroa Ermitagaña) eta Lucia Ruizi (Rio Miera, Cantabria). 1:04:59 izan zen hasierako tropelak egin zuen denbora. Guztira 39 txirrindulari sailkatu ziren, Sandra Gutierrezek jaso zuen mendiko saria eta Allerru taldeko Kattalin Iriondok tartekako helmugen saria. Talde onena Rio Miera kantabriarra izan zen.

Ondoren ekin zioten lasterketari afizionatuen mailakoek. Lehen zirkuituari 4 itzuli eta bigarrenari itzuli bat egin behar zizkioten (60 km). Afizionatuen tropelak lehen zirkuituari itzuli bat egitera zihoala, juniorrak gehitu ziren probara, azken hauek lehen zirkuituari 3 itzuli eta bigarrenari itzuli bat egiteko.

Lasterketan ihesaldi saiakerak izan ziren, Lizarragako portuan gora, esaterako, baina tropelak ederki estutu zuen eta tropela batera iritsi zen Lakuntzara. Maldan gora zegoen helmugaranzko esprinta oso estua eta ikusgarria izan zen eta apenas tarterik gabe –epaileek photo finisha egin behar izan zuten eta ondoren konfirmatu zuten irabaztea– Eneicue Women Cycling Team taldeko Ziortza Isasi bizkaitarra gailendu zitzaien Sopela Women´s Team taldeko Sofia Rodriguezi eta Bizkaia Durangoko Lucia Gonzalezi (1:30:39). Horren azkar iritsi ziren, aurreko hesien kontra egin zutela. Zorionez, ez zuten minik hartu eta Mendiko saria Rio Miera taldeko Elena Perezek irabazi zuen eta tartekako helmugen saria bere taldekide Irene Mendezek. Bizkaia Durango izan zen talderik onena.

Juniorren sailkapenean Gipuzkoa-Ogiberriko Garazi Estevez izan zen txapelduna, Murias-Limousin taldeko Naia Amondarainen eta CAF Turnkey Engineering taldeko Julia Sanchezen aurretik.

Sakana Group-Aralar taldeek eta Lakuntzako babesleek banatutako sariez gain, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak Euskaldun Torneoko maillotak jantzi zituen. Afizionatuetan, eliteetan Ziortza Isasi da liderra eta 23 urtez azpikoan Enara Lopez. Kadeteetan Sandra Gutierrez eta juniorretan Moreaga taldeko Ines Cantera doaz txapelketako buruan. Txalo zaparrada handiarekin bukatu zen emakumezkoen txirrindularitza festa.