Beñat Katarain bosgarrena Espainiako Kopan

Guaixe 2019ko uzt. 3a, 14:43

Espainiako Kopako probak jokatuta, bosgarrena sailkatu da lakuntzarra.Euskal selekzioarekin aurreko asteburuan Munduko Kopako Greziako Olimpus Marathoian 50.a sailkatu zen

San Juan bezperan jokatutako Zumaiako Flysch Trail txapelketak erabaki zuen Espainiako Mendi Lasterketen Kopa. Euskal mendi lasterkarien selekzioak sekulako maila eman du. Oier Ariznabarretak Espainiako Kopa irabazi du eta Espainiako txapelduna izan zen Otañesen, eta Asier Larruzea, Beñat Katarain eta Iñigo Alzola lehen hamarren artean sailkatu dira Espainiako Kopan. Zehazki bosgarrena sailkatu da Beñat Katarain. Emakumezkoetan Laida Elizegi laugarrena sailkatu da.

Berria egunkariari egindako adierazpenetan, Beñat Katarainek aipatu du Espainiako Kopan bosgarren sailkatzeagatik ʺoso gustura” dagoela emaitza horrekin. ʺMaila handia egon da lasterketa guztietan eta hemen inork ez du ezer oparitzen” gaineratu du. Bere helburu nagusia lehen hamargarren artean sailkatzea zen, eta, alde horretatik helburua bete du korrikalariak. ʺEz nuen gehiago espero. Jada lehen lasterketan, nire lekua zein zen konturatu nintzen” nabarmendu du.

Greziako Olimpus Marathonen 50.a
Asteburuan Munduko Koparako baliagarria den Greziako Olympus Marathon mendi maratoia jokatu da, ʺjainkoen lasterketa”, Olimpo mendian jokatzen den 44 km-ko eta 3.200 metroko desnibel positiboko proba gogorra. Garai batean Zeus eta Greziako jainko eta jainkosak gurtzera Olimpo mendira zihoazen erromesaldiak ditu oinarri lasterketak. Bertan aritu ziren 700 korrikalarien artean euskal selekzioko korrikalariak lehiatu ziren, Beñat Katarain tartean. Zaid Ait Malek izan zen txapeldun handia, Olimpoko jaitsieran lortutako tarte handiari esker (04:31:47). Emakumezkoetan Ragna Debats gailendu zen, errekorra apurtuz (05:15:54). Beñat 50.a sailkatu zen (05:47:43). Euskal selekzioko Julen Martinez de Estibariz eta Mayi Mujika bosgarrenak sailkatu ziren.

Ekainaren 2tik hona, 3 mendi maratoi egin ditu Beñat Katarainek: Zegama-Aizkorri, Tolosako 3 Tontorrak eta Olympus Marathon. ʺGorputzak bale esan dit, Greziakoan ez nintzen ongi ibili. Ez nengoen ondo, korrika gutxi egin nuen. 7 km pasa nituen oinez, ezinean. Bukatzea ez da gutxi, baina ongi banego lehen 10 postuen artean sartzeko aukerak nituen. Hori bai, lekua zoragarria zen, errepikatuko dut” azaldu digu Beñat Katarainek. Hemendik bi astetara beste maratoi bat egiteko asmoa zuen lakuntzarrak Katalunian, Buff Epic Trail, Vall de Boin, baina gorputzak atsedena eskatuta, orain atseden hartzeko garaia iritsi zaio eta bertan aritzeari uko egin dio.