Lakuntzarrei garai batean iraingarri zitzaien euren pertzaren inguruan galdetzea. Istorioak dioenez, behin Aralarko santutegira Asulbizio festa ospatzera zihoazela astoak zeramatzan tripoten pertza erori eta maldan behera barratu ziren mendian. Hori gutxi ez eta istorioak gaineratzen du tripota haietako bat lehertu eta Uharteko errotaria betoker utzi zuela. Horregatik, aldameneko herrietakoek, lakuntzarren mutur beltza ikus nahian, askotan galdetzen zieten: Lakuntzako pertzak ze fin ein zuben?
Burla zena harrotasun ikur bihurtu zuten lakuntzarrek. Lehenik, Lakuntzako Pertza izeneko elkartea sortuz. Eta ondoren, Aralar mendirako erromeria eginez, asto, tripota, ardo, ogi eta guzti. Agorrilaren 15aren ondorengo hurrengo igandean ospatzen da Lakuntzako Pertza. Gaur 06:00etan abiatu dira Aralarrerantz lakuntzarrak eta haiekin zamatutako astoa. Indarrak hartzeko bide erdian geldialdia egin dute, gosaltzeko. Antza, pertza erori zen tokian. Behin Aralarko santutegira iritsita, 11:00etan meza izanen da.
Handik ateratzean, Lakuntzako Pertza elkarteak aterpean auzatea eskainiko du: tripotak, ogia eta ardoa. Segituan, aterpearen ondoko plazan, Biltoki gazte elkarteko kideek Lakuntzako Pertza dantza dantzatzen dute, egunerako propio sortutakoa dena. Musika izanen da ondoren. Lakuntzarrak bazkaltzera Aralarko santutegitik Guardetxe ingurura joanen dira. Ederki bazkaldu ondoren aurreneko musika doinuak han bertan izanen dira, 16:30etik 18:30era. Ondoren herrirako bidea hartuko dute eta dantzaldia izanen da ordu txikiak arte festa luzatzen lagunduko duena.