Lagun Artea futbol taldeak piztu du Lakuntzako festen suziria

Maider Betelu Ganboa 2019ko abu. 24a, 14:32

Lagun Artea futbol taldeko jokalariek jaurtikitako suziriarekin hasi dira ostegunera arte luzatuko diren festak. Duela 40 urte hil zuten eta Lagun Arteako jokalaria zen Mikel Arregi ere izan dute gogoan

Lagun Artea preferente mailara igo da aurten eta taldeko jokalariek jaurti dute Lakuntzako festetako suziria. Taldeko kapitain Xabier Burillok piztu du suziria. Futbola utziko du aurten, baina taldea goian utzita. Suziria baino lehen, Lakuntzako Udalak Kataluniako Saint Sadurni de Noyako udal ordezkariekin bilkura egin du. Bi herriak anaiartekotasun prozesua abiatzekotan dira. 

Erraldoi eta buruhandiekin eta txarangarekin lehertu da festa. Ondoren iaz jaiotako haurrei zapia jarri zaie eta Biltokiko futbito txapelketako sariak banatu dira. Los Suaves taldeak irabazi zion finala Tximistak taldeari, penaltietan. Eta Zabalarteko Guardetxe igoera Aitor Mozok eta Olatz Aranburuk irabazi zuten.

Urtero bezala, Haizea kultur elkartean presoen aldeko brindisa egin da. 11/13 makroepaiketan Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten 47 euskaldunak izan dituzte gogoan, eta Fran Balda arbizuarrari zapia jarri diote. 

Euskal presoen aldeko bazkariarekin segida izanen dute festak, primerako giroan. Ostegunera arte, badago zer ospatzerik.