Mendi Lasterketak

Beñat Katarain bosgarrena Gorbeia Suzien

Guaixe 2019ko urr. 3a, 15:13

Skyrunning National Series Zirkuiturako baliagarria zen azken proba Aritz Egeak eta Ynguild Kaspersenek irabazi zuten eta Beñat Katarain bikain aritu zen

Munduko korrikalari onenak bildu ziren aurreko asteburuan Zeanurin Gorbeia Suzien mendi lasterketan aritzeko. 31 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa zuen proba gogorrean, Arraba, Gorbeia eta Aldamin gainak gainditu behar izan zituzten. 464 korrikalarik lortu zuten Skyrunning National Series zirkuiturako baliagarria zen lasterketa despeditzea, Aritz Egea buru zela (3:07:33). Egeak hasieratik apurtu zuen lasterketa. 3 eta 5 minutu arteko tartea atera zion bere arerio gogorrenari, Pere Rullan kataluniarrari. Azken kilometroak gogorrak egin zitzaizkion, neke zantzuak nabaritzen hasi baitzen, baina ongi eutsi zuen eta merezitako garaipena lortu zuen gipuzkoarrak eta Gorbeia Suzien lasterketa irabazi zuen, bigarrenez. Euskal Selekzioko Asier Larruzeak Pere Rullan gainditu zuen eta bigarrena izan zen, 2 minutu t’erdi pasara (3:10:05) eta Pere Rullanek osatu zuen podiuma (3:13:34). Ismail Razga laugarrena sartu zen (3:13:53)

Euskal Selekzioan dabilen Beñat Katarain lakuntzarrak sekulako lasterketa egin zuen eta bosgarrena sailkatu zen (3:14:08), azken kilometroetan hainbat postu aurrera egin eta gero. Lasterketako lehen bosgarren artean sailkatzea, puntako korrikalarien artean, ez da txantxetakoa. 

Emakumezkoetan Ynguild Kaspersen norvegiarrak sekulako erakustaldia eman zuen. Proba nagusitasun handiz irabazi zuen (3:34:32) eta errekorra apurtu zuen. Bigarrenari, Andrea Garai arabarrari, ia 20 minutu atera zizkion (3:53:46), eta sailkapen absolutu edo orokorrean 17.a sailkatu zen.