Asteburuan Les Revoltes D’Ibiko Igoera jokatu zen Alacanten, Espainiako Mendi Txapelketarako puntuagarria zen azken lasterketa. 4 kilometro pasatxoko igoera zen, ibilbide eta trazadura oso zorrotzekoa. Txapelketako 2. mailan lehiatu zen Garikoitz Flores (BRC B49). Floresek bazekien lehen bost postutan sailkatuz gero 2. postuari eutsiko ziola, baina hala ere lan bikaina egin zuen lakuntzarrak. Mario Asenjo (BRC B49) izan zen azkarrena 2. mailan (4:43.407) –sailkapen orokorrean edo scratchean hirugarrena izan zen–, eta 732 ehunenekora sailkatu zen Garikoitz Flores (4:44.139), sailkapen orokorrean edo scratchean laugarrena. .
Denboraldi guztia kontuan hartuta, Domingo Estrada (Silver Car S3) izan da Espainiako Mendi Txapelketako 2. mailako txapelduna (146,2 puntu), eta bigarrena Garikoitz Flores izan da, 10 puntu gutxiagorekin (136,6 puntu). Edgar Montellà (Speedcar GT-R) izan da 2. mailako podiumera igotzen hirugarrena (123,8 puntu). Espainiako Mendi Txapelketako 1. mailako irabazlea Javi Villa asturiarra izan da (BRC B53, 149 puntu), hain zuzen ere Garikoitz Floresen laguna eta Bango Racing Cars taldeko taldekidea.
Urriaren 5ean Urbasako Igoera irabazi zuen Garikoitz Floresek, eta orduan aitortu zigun aurten Espainiako Mendi Igoerako Txapelketan ez zebilela horren ongi. Izan ere, 2018an 2. Mailako txapelduna izan zen lakuntzarra. “Aurten, denboraldi osoan ibili gara autoak direkzioa gaizki zuela eta arazoekin. Irailaren 28an eta 29an Totanako La Santa Igoeran kolpea izan genuen eta proba utzi behar izan nuen; horregatik 2. mailako sailkapenean 2. postuan nago eta ez dago aukerarik lehen postuagatik borrokatzeko” aipatu zigun orduan Floresek. Dena den, kontentu zegoen egindako lanarekin. “Dugun aurrekontuarekin eta egindakoarekin pozik gaude” adierazi zuen. Bada, 2. postuari eusteko gai izan da Garikoitz Flores eta aurtengo Espainiako Mendi Igoerako 2. mailako txapeldunordea dugu.