Txirrindularitza

Jon Gil afizionatuetara pasako da Lizarte taldearekin

Guaixe 2019ko urr. 23a, 12:16
Jon Gil Indurain Anaiak Saria irabazterakoan. Argazkia: Martin Early.

Aurten junior mailako bi lasterketa irabazi ditu lakuntzarrak, denboraldi ona egin du, eta afizionatuetan debutatzeko aukera izango du

Junior mailako bigarren urtean denboraldi ona egin du Jon Gil txirrindulari lakuntzarrak Lizarte-Ermitagaña taldean. Bi lasterketa irabazi ditu: maiatzaren 18an Zumaiako Joxe Mari Korta Memorialan gailendu zen eta irailaren 29an XXIII. Indurain Anaiak Sarian lehena izan zen Atarrabian. Horretaz gain, Junior mailako Itaroako Challengean –junior mailako 26 lasterketa puntuatu dira bertan– bigarrena izan da, Sakana Group taldeko Aitor Alberdi txapeldunaren atzetik. Taldeak bere lanari aitortza egin dio eta hurrengo urtean afizionatuen Lizarte taldera egingo du salto lakuntzarrak. Berarekin batera Mikel Retegi, Diego Uriarte eta Pablo Castrillok egingo dute salto afizionatuen Lizarte taldera. 

Jon Gilek (2001, Lakuntza) Gasteizen hasi dituen Ingeniaritza Mekanikoa ikasketak txirrindularitzarekin partekatu beharko ditu eta afizionatuen mailari tamaina hartu beharko dio; txirrindulari bezala hazi egin beharko da, hain zuzen ere. Eskalatzailetzat du bere burua “edozein ibilbidera egokitzeko gaitasunarekin”. Lizarte taldeko kirol zuzendari Jon Armendarizen esanetan “txirrindulari borrokalaria da, bere gaitasunei etekin handia ateratzen diena”. Ibilbide berrian dohain hori ezinbestekoa izanen du.