Mikel Arregiren memoria gaur egunera ekartzeko

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko urr. 25a, 10:36

Lakuntzar ugari elkartu ziren ekimenaren aurkezpenean.

Lakuntzarrek Mikel Arregi Gogoan herri ekimena bulkatu dute “gertatutakoaren egia aitortua izan dadin”. Horretarako, hiru hitzordu prestatu dituzte, aurrena gaur

Azaroaren 11n 40 urte beteko dira Guardia Civilak Mikel Arregi hil zuela. Mikel Arregi Gogoan herri ekimenaren “helburu nagusia egun hartan jazotako gertakari bortitz eta lazgarriaren oroimen historikoa berreskuratu eta gordetzea da”. Ekimenaren aurkezpenean adierazi zutenez, “gure aletxoa jarri nahi dugu gertatutakoaren egia aitortua izan dadin. Izan ere, Mikel Arregiren erailketa testuinguru jakin batean gertatu zen eta ez zen kasualitatea edo istripu bat izan, bertsio ofizialak esaten duen bezala, motibazio politikoa medio estatuko indar polizialek erail baitzuten”. Ekimeneko ordezkariek gogorarazi dutenez, “oraindik Arregik ez da motibazio politikoa duen gatazkaren biktima bezala kontsideratua izan, eta ondorioz ez Mikelek ezta bere sendiak ere ez du benetako justiziarik ez eta erreparaziorik izan”. 

Mikel Arregi herri ekimeneko kideek egia, justizia, erreparazioa eskatu dituzte. “Inpunitateak ez du etenik”. Eta horren adierazle gisa argudiatu dute, aurrena, Etxarri Aranatzen jarritako oroigarriak eta plakak jasotako erasoak. Bestetik, motibazio politikoa dela-eta funtzionario publikoek edo eskuin-muturreko taldeek eragindako biktimak aitortu eta erreparatzeko Nafarroako Parlamentuak onartutako 16/2015 Foru Legeari Auzitegi Konstituzionalak helegitea jarri eta bertan behera utzita egotea dauka. Eta, azkenik, zenbait hedabidek gertatutakoaren harira informazioa manipulatzen jarraitzen dutela Mikel “terrorista” bezala izendatuz. 

Ekimenekoen iritziz, “interes berezia dago poliziaren biktima izandakoen inguruko gertaerak desitxuratzeko, egia ezkutatzeko, ez azalarazteko. Botereak bere kontakizun ofiziala inposatzen jarraitzen du eta bortizkeria erabiltzen duten funtzionario publikoak babestu”. Ekimenetik ziurtatu dutenez, “egia aitortzea oinarrizkoa da errepikatu ez dadin. Guk egiarekin aurrera jarraituko dugu, Mikel eta bere sendi eta lagunen ondoan, gure babes eta maitasun guztia adieraziz”.  

Gertakariak 
1979ko azaroaren 11ko gauean Mikel Ziorditik Lakuntzarako bidean zihoan autoz beste lau lagunekin. Etxarri Aranazko koartelera iristearekin, tiroka hasi zitzaizkien guardia civilak eta Arregi larriki zauritu zuten. Ospitalera bidean hil egin zen. Guardia Civilak kontrol bat geratu gabe gainditu izana egotzi zien. Ikerketa bat ireki zen, Lakuntzako Udalak bultzatutako ikerketa batzordearen eta herritarren erantzun indartsuaren ondorioz, eta hainbat lekukok argitu zuten kontrolik ez zegoela une horretan.

1981n epaiketa izan zen eta epaiak argi jaso zuen ez zegoela inolako kontrolik. Hala ere, inpunitatea erabatekoa izan zen; "arduragabekeria arina" egotzi zieten guardia zibilei eta bi hilabeteko espetxealdia besterik ez zuten izan.


Egitaraua 
Lastailak 25, ostirala 
22:00etan Mikel Arregi Marin 1979-2004 dokumentalaren proiekzioa. Bil-Tokin.  
Dokumentala Mikelen heriotzaren 25.urteurrenean argitaratu zen. Mikel nor izan zen eta 1979ko azaroaren 11kako gaueko gertakarien inguruko xehetasunak biltzen ditu dokumentalak, bere senide, lagun eta kotxean bertan zihoazen lagunen testigantzen bitartez. Iraupena: 44 minutu
 
Azaroak 9, larunbata
19:00etan Mahai-ingurua: errepresioa, polizia biolentzia eta euskal gatazka politikoa. Lakuntzako Kultur Etxean. Parte hartzaileak: Fermin Rodriguez (German Rodriguez Saizen anaia, 1978ko sanferminetan eraila), Txaro Arregi (Mikel Arregiren arreba, 1979an eraila), Eneko Etxeberria (Jose Miel Etxebarria Alvarez, Naparraren anaia, 1980an bahitua eta eraila), Idoia Zabaltza (Mikel Zabaltza Garateren arreba, 1985an torturatua eta eraila) eta Nerea Zabala (Iosu Zabala Salegiren arreba, 1997an eraila). 

“Errepresioa eta polizia biolentzia hamarkada luzetan jasan dugu euskal herritarrok eta modu zuzenean eragina izan du Lakuntzan, Sakanan eta Euskal Herria osoan. Memoria bizirik dago, memoria kolektiboki eratzen den zeozer da. Mahai-inguru horretan errepresioa eta polizia bortizkeriaren ondorioz hildako hainbat kasu zuzenean ezagutzeko aukera izanen da eta agerian geratuko da, egia, justizia eta erreparazioa ez direla eskubide unibertsalak, inpunitatea bere ADNan duen estatuarekin topo egiten dugula behin eta berriz. Zoritxarrez, hala segitzen dugu gaur egun ere”. 

Azaroak 11, astelehena. Mikel Arregiren hilketaren 40.urteurrena
18:30ean Gogoan hartzeko izenak erakusketaren mustea, Etxarri Aranazko kultur etxean.
19:30ean Lore eskaintza Mikelen omenezko monolitoan, Etxarri Aranazko Mikel Arregi parkean.  

Gogoan hartzeko izenak erakusketa Joseba Zabalza argazkilariak 4 urtetan egindako lanaren emaitza. “Euskal gatazka politiko eta militarrean isilarazitako biktimak ahanzturatik berreskuratzeko beharrak bultzatua, ekin zion ikerketa eta dokumentazioari argazkilari nafarrak, horietako 105 kasu biltzen ditu, argazkietan bizirik dauden senideak ageri dira, kasu gehienetan, beren senidearen heriotzaren lekuan. Polizia errepresioak eta estatu terrorismoak gatazka politikoko azken 50 urteetan Euskal Herrian eragindako ondorioak jorratzen ditu erakusketak”. Euskal Memoria Fundazioak bultzatutako lana da.