Dagoeneko Franco ez da Lakuntzako seme-kuttun

Guaixe 2019ko aza. 5a, 09:08
Lakuntzako udaletxea.

Udalak 1948an hartutako erabakia indarrik gabe utzi du udalbatzak astelehenean egindako bilkuran.

Lakuntzako udaletxean udal bilkurak daudenean normalean ez da jenderik joaten. Baina astelehenekoa desberdina izan zen. Jende mordoxka bat udalak hartutako erabakiaren lekuko izan nahi baitzuen: Francisco Franco Bahamonderi herriko seme kuttun izendapena baliogabetzea. 1948ko ilbeltzaren 14tik zuen izendapen hori diktadoreak. Lakuntzako alkate Patxi Xabier Razkin Sagastibeltzak gogoratu zuenez, “1936ko estatu kolpearen ondoren herrian fusilatu bat eta hainbat errepresaliatu izan ziren, baita 78ko erregimenaren biktima bat ere, Mikel Arregi Marin. Horregatik guztiagatik errekonozimendu hori berehala atzera botatzeko erabakia hartu dugu”. 

Nafarroako Memoria Institutuak gaztigatu zion Lakuntzako Udalari diktadoreak aitortza hori zuela, eta haren gomendioei segituz izendapena indarrik gabe uztea erabaki zuen. Izan ere, 33/2013 Foru Legeak “frankismoaren errepresioak Nafarroan hildako edo haren biktimak izan ziren pertsonei lotutako memoria historikoa berreskuratzea” du helburu. Lege horrek “betebehar publikoak eta erakunde pribatuenak finkatzen ditu ikur, kondaira eta aipamen frankistak kentzeko orduan”, baita “aitorpen, izendapen, titulu eta ohore instituzionalen baliogabetzean ere”. 

Nafarroako Gobernuaren Koordinazioko Batzorde Teknikoak Memoria Historikoaren arloan 2016an egindako gomendioetako bat da seme-alaba kuttunen izendapena kentzea. Diktaduran zehar seme-alaba kuttun titulua ematea ohikoa zen, Francori eta erregimen frankistari lotutako beste pertsona batzuei, “beren lana eskertzeko”. Horregatik, batzordeak seme-alaba kuttun izendatzeko erabakiak baliogabetzeko gomendatu zuen, edozein erakundek sustatutako giza eskubideen urraketa-prozesuetan nolabaiteko erantzukizuna izan dutenei.