Euskaraldiko batzordeak, trebatzera!

Guaixe 2019ko aza. 6a, 11:33

2020ko Euskaraldiaren. aurkezpena Sakanako Mankomunitatearen egoitzan egin zen.

Larunbatean, 10:00etan, Lakuntzako kultur-etxean prestakuntza saioa izanen da.

Azaroaren 23an urte bat beteko da Euskaraldia hasi zela. Joan den urteko abenduaren 3ra bitartean euskararen erabilera handitzeko ariketa soziala egin zen estreinakoz. Euskal Herrian 200.000 pertsonatik gora parte hartu zuten eta haietatik 2.615 sakandarrak izan ziren. Euskaraldia bukatu bezain laster jakinarazi zen ariketak segida izanen zuela. Eta hala da: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da bigarren Euskaraldia, 15 egunez. 

Pertsonaren euskararekiko jarreraren arabera bi rol ditu Euskaraldiak: belarriprest eta ahobizi. Horiekin batera beste izen bat ezagutarazi du ariketa berriak: ariguneak, euskaraz hitz egiteko aukera ematen duten espazioak dira. Ariguneak izan daitezke administrazioko erakundea lantokiko atal bat edo lantegi osoa, kirol, kultur edo gastronomia elkarte bat… Horiek ere pertsonen moduan Euskaraldian izena eman beharko dute. 

Baina Euskaraldia behar bezala antolatzeko herrietan batzordeak sortu beharra dago. Dagoeneko izen ematea zabalik dago www.euskaraldia.eus web gunean. Ariketa sozial berria behar bezala prestatzeko garaiz hastea egoki zelakoan, herrietako batzordeei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu dituzte eta haietako bat Lakuntzan izanen da larunbatean, 10:00etan, kultur etxean. Hartan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharra dute. Horretarako hemen sakatu.