Futbola

Lagun Arteak preferenteari eutsi nahi dio aurten

Guaixe 2019ko aza. 8a, 10:52
Preferente mailako Lagun Artearen igandeko alineazioa, Ardoiren kontra.

Iaz erregional mailara jaitsi eta gero, mailaz igotzea lortu zuen Lakuntzako taldeak eta aurten preferente mailan dabil. Kategoria horri eustea, ahal izanez gero lehenbailehen da aurtengo helburua. Guztira 7 talde ditu Lagun Arteak, tartean aurten sortu berri den emakumeena, eta 110 futbolari trebatzen dira Lakuntzako klubean

Duela bi denboraldi maila galdu zuen Lakuntzako Lagun Artea futbol taldeak eta preferente mailatik erregional mailara jaitsi zen. Iaz ekin zion erregional mailari, 2018/2019 denboraldian, eta balentria lortu zuten lakuntzarrek: erregionaleko liga erregularra irabazi zuten eta igoera fasean bigarrenak sailkatu ziren, Ardoi irabazlearengatik puntu bakar batera. Horrela, urte bakarrean mailaz igotzea lortu zuten eta aurten, 2019/2020 denboraldian, atzera ere preferente mailan dabil Lagun Artea, Etxarri Aranatz taldearekin batera.

“Iaz sekulako denboraldia egin genuen: preferentera igotzeko helburua lortu genuen, kategoria galdu eta denboraldi batean. Aurtengo helburua preferente mailari eustea da; hau da, azkarrenen salbazioa lortzea, eta horrekin batera disfrutatzea; izan ere, jendeak disfrutatzen duenean ateratzen dira gauzak ongi. Uste dut taldea badugula preferente mailari eusteko, eta hortik aurrera, sailkapenean ahalik eta gorenen sailkatu nahiko genuke” adierazi du Lagun Artea taldeko juntako diruzain Oscar Maizak. 

Aurreko denboraldiko Jesus Alberto Martin Dávilak jarraitzen du entrenatzaile lanetan, David Herrera Cuelloren laguntzarekin. Iaz baja garrantzitsuak izan zituen Lakuntzako taldeak, Xabier Burillo kapitain lakuntzarrarena, esaterako, urte luzez klubean egon eta gero. Markel Erdoziak ere taldea utzi zuen, Eneko Cruz eta David Herrerarekin batera. Baina jubeniletatik igo direnekin eta klubera itzuli eta etorri direnekin talde polita osatu du Lagun Arteak. 

Dagoeneko 7 jardunaldi jokatu dira eta 3 partida irabazi ditu Lagun Arteak, 2 galdu ditu eta beste 2 berdindu. Baina liga luzea da, 30 jardunaldi ditu, eta edozer gerta daiteke. Oscar Maizaren esanetan, egungo liderra, Maila Autonomikotik Preferentera jaitsi den Beti Casedano da aurtengo arerio gogorrenetako bat. “Ziurrenik denboraldi bukaeran ere goian egongo dela Beti Casedano, eta preferente mailan arerio indartsuenetakoa da. Hain zuzen ere, beraren kontra arituko gara larunbatean, 15:30ean, Casedako La Laca zelaian, eta oso partida zaila eta gogorra espero dugu” gaineratu du Maizak. 

110 futbolari Lakuntzan
Herri txikia izateko Lakuntzako futbol taldearen osasuna bikaina da. Aurten 7 talde ditu Lagun Arteak: preferente mailakoa, jubenilen mailakoa, kadeteen mailakoa, haurren mailakoa, kimuen mailakoa eta aurten sortu berri den Lagun Artea emakumezkoen taldea. Guztira 110 jokalari ari dira  Lagun Artean, horietatik 108 sakandarrak. Beraz, epe motzera harrobia ziurtatuta du Preferente mailako taldeak eta garai ona bizi dute lakuntzarrek. 

Emakumezkoen taldea sortu da, baina aurten ez da lehiatuko
Kimuen eta haurren mailan batera lehiatzen dira neskak eta mutilak, baina kadete mailatik gora mutilak eta neskak banatu egiten dira. Horrela, eta haurren maila bukatuta talderik gabe geratu ziren neska futbolari lakuntzarren eskakizunari jarraiki, emakumezkoen Lagun Artea futbol taldea sortzeko deialdia egin zuen klubak, Emakumezkoen Futbol 8 mailako taldean arituko litzatekeena. Deialdiak fruitua izan zuen, eta taldea osatu da, baina aurten ez da Emakumezkoen Futbol 8 mailan lehiatuko. Urte honetan ongi entrenatu eta trebatu nahi du taldeak, futbolari asko zerotik hasi baitira. Horrela, lagunarteko partidak jokatzea eta hurrengo denboraldirako behar bezala prestatzea da euren erronka. 

Junta berbera
Lagun Artea futbol taldeko junta iaz berritu zen eta bere horretan jarraitzen du. Jabier Hernandez Santana da presidenta, Jesus Zubiria presidenteordea, Josu Arraiza diruzaina eta Oskar Maiza idazkaria. Bokalak ondokoak dira: Jabier Gasko, Jabier Andueza, Juan Ignacio Mendieta, Diego Cruz, Asier Arregi, Juan Ignazio Maiza, Juantxo Arraiza eta Jose Agirre. Taldea sortu zenetik juntan egondako beteranoen laguntza dute.

Preferente mailako Lagun Artea 2019/2020
Atezainak: Angel Herrera, Garikoitz Maiza eta Josu Arroki.
Atzelariak: Igantzi Jauregi, Ion Ollo, Kepa Olias, Xabi Bakaikoa, Etor Alegria, Xabi Maiza eta Mikel Cordero. 
Erdilariak: Mikel Agirre, Iñaki Mendieta, Mimoune Jaamout, Iñaki Berastegi, Iker Zabalo, Jesus Mari Ripa, Nabil Esobai, Iokin Lobo, Anton Vela eta Gaizka Sagarzazu.
Aurrelariak: Unai Bakaikoa, Unai Zubiria, Maurice Gomis, Ander Unanua eta Yonatan Davila.
Entrenatzailea: Jesus Alberto Martin Davila.
Bigarren entrenatzailea: David Herrera Cuello.