Arregi presente izateko egunak

Guaixe 2019ko aza. 8a, 12:41
Lakuntzar ugari izan ziren herri ekimenaren aurkezpenean.

Astelehenean 40 urte beteko dira Mikel Arregi Marin hil zutela. Herri ekimenak larunbaterako mahai-ingurua eta astelehenerako erakusketaren mustutzea eta lore eskaintza antolatu ditu. Lakuntzako Udalak, berriz, erakunde-ekitaldia antolatu du astelehenerako.

Ziorditik Lakuntzara bueltan lau lagun auto batean. Guardia Civilak autoari egindako tiroak eta Mikel Arregi Marinen heriotza. Bertsio ofizialaren arabera kontrola saltatu zuen autoak. Lekukoek esan zuten une horretan ez zegoela kontrolik. Astelehenean 40 urte beteko dira. 1981ean egindako epaiketan “arduragabekeria arina” egotzi zieten guardia civilei eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten. 

Gertakari haien “historikoa berreskuratu eta gorde” asmoz sortu da Lakuntzan Mikel Arregi Gogoan herri ekimena. Lakuntzar horien arabera Arregi “motibazio politikoa medio estatuko indar polizialek erail zuten”. Horregatik, eskatzen dute Arregi motibazio politikoa duen gatazkaren biktimatzat hartzea eta, ondorioz, berarendako eta bere familiarendako “egia, justizia eta erreparazioa”. Herri ekimenetik gogorarazi dutenez, “motibazio politikoa dela-eta funtzionario publikoek edo eskuin-muturreko taldeek eragindako biktimak aitortu eta erreparatzeko Nafarroako Parlamentuak onartutako 16/2015 Foru Legeari Auzitegi Konstituzionalak helegitea jarri eta bertan behera utzita dauka”. Gainera, “zenbait hedabidek informazioa manipulatuz Arregi terrorista izendatzen dute”. 

Bihar eginen den mahai-inguruan memoriarako bost kasuren berri emanen da. Guztiek ezaugarri bera dute: “Estatuaren inpunitatea. Ardura hartzeari uko egiten dio”. Etxarri Aranazko kultur etxean astelehenetik erakusketa mustuko da, hilaren 24ra arte ikusgai izanen dena. Joseba Zabalza argazkilariak euskal gatazka politiko eta militarrean isilarazitako biktimak ahanzturatik berreskuratzeko 105 kasu bildu ditu. Argazkietan bizirik dauden senideak ageri dira, kasu gehienetan, beren senidearen hilketaren lekuan. 19:30ean, berriz, Arregiren oroimenezko monolitoan lore eskaintza eginen da. Egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dute Mikel Arregi Herri Ekimenekoek. 


Egitaraua
Azaroak 9, larunbata 
19:00etan, Lakuntzako kultur etxean: errepresioa, polizia biolentzia eta euskal gatazka politikoa mahai-ingurua. 

Parte-hartzaileak: 
Fermin Rodriguez (German Rodriguez Saizen anaia, 1978ko sanferminetan eraila).
Txaro Arregi (Mikel Arregiren arreba, 1979an eraila).
Eneko Etxeberria (Jose Miel Etxeberria Alvarez, Naparraren anaia, 1980an bahitua eta eraila).
Idoia Zabaltza (Mikel Zabaltza Garateren arreba, 1985an torturatua eta eraila).
Nerea Zabala (Iosu Zabala Salegiren arreba, 1997an eraila).

Azaroak 11, astelehena. Arregiren hilketaren 40. urteurrena
18:30ean Etxarri Aranazko kultur etxean: Gogoan hartzeko izenak erakusketa mustutzea. 
19:30ean Etxarri Aranazko Mikel Arregi Marin parkean: Lore eskaintza monolitoan.  


Udala 
Arregi Lakuntzako Udaleko zinegotzia zen hil zutenean. Hori dela eta, Lakuntzako Udalak erabaki du haren oroimenezko erakunde-ekitaldia antolatzea. Astelehenean izanen da, 17:00etan, udaletxean.