Arregiri aitortza

Guaixe 2019ko aza. 15a, 14:31

Senideak lore eskaintza egiten Etxarri Aranazko oroigarrian.

Lore eskaintza egin zuten haren oroigarrian astelehenean. Lakuntzako Udalak, berriz, erakunde ekitaldia antolatu zuen.

Mikel Arregi Marin guardia civil batek hil zuela 40 bete ziren astelehenean. Hori dela eta, senideak, hainbat lakuntzar eta sakandarrez lagunduta, Etxarri Aranatzen Arregiren omenezko oroigarrira hurbildu eta lore eskaintza egin zuten. Urtero errepikatzen den ekitaldi xume horrekin egitarau bete bat despeditu zen. Izan ere, arratsalde berean Etxarri Aranazko kultur etxean Gogoan hartzeko izenak erakusketa mustu zen. Joseba Zabalza argazkilariak ondutako erakusketan 105 argazki biltzen dira. Haietan bizirik dauden senideak ageri dira, kasu gehienetan, beren senidearen hilketaren lekuan. Erakusketarekin argazkilariak euskal gatazka politiko eta militarrean isilarazitako biktimak ahanzturatik berreskuratu nahi izan ditu. 

Larunbatean, berriz, errepresioa, polizia biolentzia eta euskal gatazka politikoa mahai-ingurua hartu zuen Lakuntzako kultur etxeak. Segurtasun indarrek edo paramilitarrek hildakoen bost senidek hartu zuten hitza: 
ermin Rodriguez, 
xaro Arregi, 
neko Etxeberria, 
doia Zabaltza eta 
erea Zabala. Kasu bakoitzean bizitakoaren berri eman zuten. Eta guztien kontakizuna garai batean bizitakoaren isla bihurtu zen. Gertatutakoaren egia jakin nahi zuten lau kasutan. Euren oinazearen berri eman zuten. Kasuak argitzeko Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskatu zuten. Biktimen legearen kontra egin zuten eta Memoria Legeak gertatutakoa onartzeko balio dezala nahi dute. Guztien testigantzak garaiko irudiez lagundu zituzten. 

Udaletxean 
Lakuntzako Udalak erakunde ekitaldia antolatu zuen astelehen arratsaldean. Harrera egin eta gero, erakunde adierazpena irakurri zuten eta, ondoren, udal ordezkariek Arregiren familiari lore sorta eman zieten. Ekitaldia klarinetez jotako “Agur jaunak” piezarekin despeditu zen. Udal ordezkariek adierazpenean Arregiren heriotzaren inguruko gertaerak zerrendatu zituzten, baita haren oroigarriak jasotako erasoen zerrenda egin ere.  

Udal ordezkariek azaldu zutenez, “ekitaldiaren bidez, Mikel Arregi Marinen oroitzapena eta memoria bizirik mantendu nahi ditugu. Era berean, monolitoari bere oroimenean behin eta berriz egindako erasoak gaitzesten ditugu, haren oroimenaren eta herritarrek bizikidetza normalizatu eta baketsuan bizitzeko duten eskubidearen aurkako ekintzak direlako”. Aldi berean, Lakuntzako Udalak “motibazio politikoko biktima guztien egia, justizia, aitortza eta erreparaziorako eskubidean aurrera egiteko gure borondatea erakusten dugu, inolako indarkeria-gertakaririk ez errepikatzeko berme gisa”.Aldi berean, Lakuntzako Udalak nabarmendu zuen Martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina ematekoa, “garatu eta aplikatzeko beharra” dagoela.

Lakuntzako Udalak bilkuran onartu zuen ekitaldira honakoak gonbidatzea: Nafarroako Lehendakaria, Parlamentuko Lehendakaria, Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria, Giza Eskubideen Zuzendari Nagusia, Talde Parlamentarioen ordezkariak, Sakanako alkateak, Mikelekin udalbatza osatzen zuten zinegotziak eta Arregiren senideak. Astelehenean presente izan ziren Blanca Burusco (Biktimen arretarako burua), Jose Maria Gonzalez (Bizikidetza eta Giza Eskubideen zerbitzuko burua), Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Jon Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz (EH Bildu) parlamentariak, 1979 eta 2019ko Sakanako alkate eta zinegotziak  eta lakuntzarrak.